EAEko Hezkuntza sailak sektore feminizatuak gutxiesten dituela salatu dugu Bilbon

297

EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatuetan, heziketa bereziko hezitzaile eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboetan alegia, sortu duen anabasa salatzeko, elkarretaratzea egin du LABek Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean.
Alde batetik 2021eko ekainaren 30eko dekretuz ezarri zuten lanaldia murrizteko baimenen, aldi baterako eteteen eta eszedentzien iraupenari buruzko jarraibidea indarrean mantentzen eta, bestetik, eskoletako langileen hornikuntza oraindik burutu ez duela salatzen du LABek.
Aipaturiko jarraibidea irakasle funtzionarioei eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lan-legepeko langileei zuzendutakoa bazen ere, irakasleen mahaian negoziatu ostean, ikasturte hasiera honetan Sailak bertan behera utzi du. Heziketa berezian eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboetan, aldiz, jarraibidea indarrean mantentzen duela adierazi digu administrazioak. Hori dela eta, LABek kolektibo feminizatuei negoziatzeko aukera ez ematea salatzen du.
Bestetik, Heziketa Berezian hutsik dauden hezitzaileen lanpostuen banaketa eta ordezkapenen kudeaketa salatzen ditu LABek, Ordezkoen araudia eta Ordezkagunea martxan jartzeko akordioan jasotakoak urratzen ari baita. Ikasturte hasieran libre geratzen ari diren bakanteak berandu, gaizki eta prozedurak errespetatu gabe banatzen ari dira, eta ordezkapenen banaketan mota ugaritako akatsak izaten ari dira; honek langileen eskubide eta bizitzan, eskolen antolakuntzan eta hezkuntzaren kalitatean duen eraginarekin. Gainera, administrazioa langileak gizarte segurantzan berandu alta ematen ari da; beraz, ezin izango dute nomina irailean kobratu, eta ondorioz bizitza aurrera ateratzeko zailtasunak izango dituzte.
Sukalde eta garbitzaileen kolektiboetan ordezkapenak ez dira lehenengo egunetik bete eta oraindik ere plaza hutsak banatzen ari dira. Gainera, sortu berriak diren jardun erdiko bakanteek zentro askotan ez dute asetzen dagoen beharra; beraz LABek osora pasatzea eskatzen du. Bestalde, ikusteke dago jangeletan bazkaltiarren kopurua igotzen den kasuetan, lan erreformak mugatu dituen lan metaketa kontratuen ordez zein den beharrei erantzuteko baliabideak hornitzeko administrazioak egingo duen proposamena.
Halaber, Sukalde eta garbitzaileen kolektiboan Ordezkagunea martxan jartzeko abiatuta dagoen negoziazioa bukatzea eta lehenbailehen zabaltzea eskatzen dugu.
Egoera honi guztiari, gehitu behar zaio Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetatik ez zaizkiela kontsultak erantzuten ari, baliabide eta pertsonal faltagatik. Lakuak ere ez ditu LABek egindako erreklamazioak eta bileren eskaerak erantzuten. Gardentasun falta dago.
Gauzak horrela, kudeaketan sortu duen anabasari irtenbidea eman eta Lan legepeko langileen eremuan lanaldia murrizteko baimenen, aldi baterako eteteen eta eszedentzien iraupenari buruzko jarraibidea ahalik eta lasterren indargabetzea eta lan hitzarmen berria eta kontsolidazio LEParen negoziazioa abiatzea eskatzen dio LABek Hekuntza Sailari.