Segregaziotik Inklusiora izenburuko jardunaldiak aurkeztu ditugu

643

Martxoaren 27an Gasteizko Europa Jauregian “Segregaziotik Inklusiora” izenburuan egingo ditugun jardunaldiak aurkeztu ditugu. Jardunaldi hauek, azken hilabeteotan LAB Irakaskuntzan ireki dugun gogoeta-prozesuaren barruan sartzen da. Honako honetan, bereziki, jatorri, arraza eta arraoiz ekonomikoengatiko segregazioan zentratu da eztabaida, eta horren inguruan, besteak beste, liberatu eta delegatuen lan-jardunak, afiliatuentzako mintegiak edota inkesta baten bidezko iritzi-bilketa bat egin ditugu segregazio hauek detektatu eta nola egin aurre landuz. Horren ondoren, txosten bat argitaratuko dugu jardunaldietan LABetik egiten ditugun proposamenak ezagutzera emateko.

Azken hilabeteotan, LABek eskola-sisteman ematen diren segregazio anitzen inguruko gogoeta-prozesu bat bultzatu du, eta horren ondorioz lan-txosten bat eratu ere, debaterako oinarri gisa zabalduko duguna. Jatorria, hizkuntza, kultura, erlijioa, aniztasun funtzionala, generoa edo klasearen arabera ikasleak segregatzea arrazista eta klasista dela deritzogu. Gure ustez, hezkuntzak ezin dezake berak bakarrik segregazioak gainditu, baina hezkuntzatik badago zer egin. 

Txostenaz gainera, eta hausnarketan laguntzeko asmoz, Segregaziotik Inklusiora izenburuko Jardunaldi irekiak egingo ditugu martxoaren 27an, Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, Hernaniko Hezkuntza Plataforma, Aranbizkarra Ikas komunitatea edota AMUGE emakume ijito feministen ordezkariek segregazioa gainditzeko egiten ari diren lana azalduko dute.

Beste aldetik, EHUko Onintza Odriozola eta HUHEZIko Eneritz Garro irakasleek “Segregazioa gaindituz herri, hizkuntza eta kultura zapaldutik” izenburuko mahai-inguruan parte hartuko dute. Ondoren, Intersindical-CSC sindikatuko Antoni Casserres –ek Catalunyan dagoen harrera-protokoloaz hitz egingo digu, eta Diana Urrea politikari eta aktibista feminista eta antiarrazista Colombiatik Euskal Herriratu zenean bizitako esperientziatik mintzatuko da.

Horretaz gainera, esan bezala, LABetik eratu dugun txostena  publikoa egingo dugu. Izena emateko formulario bat prestatu dugu honako helbide honetan: http://iparhegoa.eus/index.php/eu/jardunaldiak-3/segregaziotik-inklusiora

Gaurko prentsa-aurrekoan Jone Mateos Arruabarrena eta Irati Tobat Eguzkitza kideek jardunaldiak aurkeztu dituzte