PRENTSA-OHARRA:Gizarte ekimeneko ikastetxeak

267

Langileok egindako mobilizazioei esker patronalak mugiarazi ditugu arren, edukietan sakontzea eskatzen diegu

LABek eta Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeen soldatak parekatzeko sinatutako akordioa langile guztiei aplikatzea ekarri dute negoziazio-mahaira Kek eta AICEk. Horrekin batera, enplegua mantentzeko eta plantillen esleipen irizpideak zein gazteberritze neurriak adosteko egutegi eta prozedura ekarri dute LABek positibotzat jo du azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker KEk eta AICEk proposamen bat egin izana 14 negoziazio-mahairen ondoren.

Proposamen hori, orain bi egun aurkezturikoa baino hobea den arren, gaur-gaurkoz, ez da nahikoa honako alderdi hauetan, eta hala jakinarazi diegu patronalei:

Lan-kargak arintzeko neurriei dagokienez, AZLentzat eta irakasle ez diren tituludunentzat soilik egin dute ordu-murrizketa. Gainerako kategorietarako (0-3koak, irakasleak, hezkuntza laguntza espezialistak edo langileak), ez da proposamenik egin.

Soldatei dagokionez, 2027an langile guztiak kategoria guztietan langile publikoekin ekiparatzeko proposamena egin digute. LABen ustez langileon lorpen handia da hau, hala ere, ekiparazioa lortu bitartean 2024rako langileon eros ahalmena bermatzeko igoera handiagoa beharrezkoa dugu, izan ere, patronalek planteaturiko %13ko igoera hori handitu behar da 2024an langileon eros
ahalmena KPIaren arabera bermatu dadin.

Lanbide Heziketarako, egungo hitzarmena hobetzen ez duen proposamen bat egin dute, bikoizketaren aipamenik ez dute egiten eta lanaldi irregularrari dagokionean eskaintzen dituzten konpentsazio orduak ez dira nahikoak. Gainera, lantokiko prestakuntzarako 6 ordu onartu arren, 2. ikasturterako bakarrik eskeintzen dituzte; egun lehenengo ikasturtean praktikaldiak egiten dira.

Enplegua mantentzeko, langileen plantillen esleipen irizpideak negoziatzeko eta gazteberritze neurri gehigarriak adosteko egutegi eta negoziazio prozedura bat ekarri dute, lan hitzarmenetik kanpo kokatzen dena. LABek Hezkuntza Sailarekin ekainaren 1ean sinaturiko akordioaren garapenaren parte dela adierazten du eta horregatik ondo baloratzen du. Hala ere, puntu honetan
zehaztasun gehiago eskatzen dizkio patronalei.

Euskalduntzeko-planak, berdintasun-planak eta arrisku psikosozialen ebaluazioari dagozkien proposamenen inguruan, zehaztapen gehiago ekarri arren, hainbat puntuekin desadostasuna erakutsi diegu.

Patronalen proposamenak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat lortzeko negoziazio bidea irekita mantentzen duen arren, urtarrilaren 16rako mahaian eros-ahalmena bermatzeko proposamena, enpleguari eusteko zehaztasun gehiago eta lan zametan neurri gehigarriak ekarri behar dituzte patronalek.LABek lanean jarraituko du hori horrela izan dadin eta mahai negoziatzaileak edukiz bete daitezen. Mahaietako negoziazioen balorazioak uneoro egin eta mobilizazio eta borrokarekin jarraituko dugu.

Euskal Herrian, 2024ko urtarrilaren 12an

PDF Embedder requires a url attribute