Nafarroako Parlamentuan azaldu dugu Departamentuak ezarritako eskolaldia eta eskolaz kanpoko jarduerak adabaki bat besterik ez direla

443

Hezkuntzako zenbait sindikatuk –besteak beste LABek, sindikatu nagusia den aldetik–, agerraldi bat egin dugu gaur Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean azaltzeko arbuiatzen dugula Departamentuak ezarritako protokoloa, eta zehazkiago, ikasturtea hasi ondoren Gimeno kontseilariak ezarritako eskolaldi jarraitua eta eskolaz kanpoko jarduerak, hezkuntza-komunitate osoari buruhausteak eragiten ari baitzaizkio.

Joan den irailaren 14an – ikasturtea 6an hasi zen –, Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko, itunpeko ikastetxe eta ikastola guztiek, urriaren 4tik aurrera, doako eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituztela astean lau arratsaldetan, irakasleen ardurapean. Gimeno kontseilariaren hitzetan, neurri horren helburua da familia kontziliazioa erraztea –irakasleena izan ezik–, baina hezkuntza-komunitate osoa horren aurka azaldu da, jarraian azalduko ditugun arrazoiengatik.

Lehenik eta behin, sindikatuek eta zuzendaritza-taldeek berriz ere salatzen dugu Departamentuaren protokolo hau inposatua izan dela, eta ez dela deus ere negoziatu edo adostu, ez gurekin, ez bertako langileekin. Beste behin ere, Gimenok “sektore guztiekin etengabe hitz egiten duela” aldarrikatu du, baina, egiazki, bere kabuz hartutako erabakien berri eman besterik ez du egiten, irakasleei, haien ordezkariei eta familiei batere galdetu edo entzun gabe.

Bigarrenik, zuzendaritza-taldeek, irakasleek eta sindikatuek Departamentuari eskatzen diogu eskolaz kanpoko jarduera horiek inplementatzeko bitarteko gehiago jar ditzala ikastetxeen esku, hots, irakasle gehiago (edo zaintzaileak izan beharko lirateke?), baina kontseilaria horren aurka dago. Eskolaz kanpoko jarduera horien kategorizazioaren definizio faltsu bat eginez –“eskola-ordutzat konputatzen diren ordu” gisa sailkatzen ditu (edo “ordu osagarri” gisa), baina benetan eskola-orduak dira, zuzeneko irakaskuntzako orduak–, irakasleek ikasleen arreta hori beren gain hartzea nahi du, berriz ere haien lan-karga handitzearen kontura, eta, gainera, saioak prestatzeko eta koordinatzeko daukaten denbora murriztuz eta haien osasunaren eta bizitzaren kaltetan. Beste batzuetan salatu dugun bezala, neurri horren legezkotasuna zalantzazkoa dela uste dugu, kontuan hartzen baditugu Ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuan, Itunpeko hezkuntzaren VI. Hitzarmenean eta Ikastolen Hitzarmenean agertzen diren definizioak (eskola-orduen definizioa eta eskola-orduen zenbaketa). Hori dela eta, LABek, beti bezala, langile guztien eskubideak defendatuko ditu beharrezkoa den toki guztietan. Auzi honetan, besteak beste, langileen eskubideak urratzen ari dira, eta horregatik ez dugu ulertzen zergatik sindikatu batzuk ez diren agertzen Departamentuak hartutako erabaki horren aurkako mobilizazioetan (gaurko agerraldian, esate baterako). Jarrera hori haien barne-organoetan aztertu eta berrikusi beharko lukete, zalantzarik gabe.

Ezarritako ordu banaketa berri horren ondorioz, zuzendaritza-taldeek hiru astean berregin behar izan dituzte ikastetxearen ordutegiak. Gainera, funtsezko zeregin batzuk (hala nola irakasleen ordezkapenak, zikloaren koordinazioa, tutoreen koordinazioa, eskola-saioen prestaketa…) bete gabe edo arretarik gabe geldituko dira, edo irakasleek beren lan-ordutegitik kanpo egin beharko dituzte, lan-ordutegiaren barruan ez baitute horretarako denborarik izanen. Duela gutxi, kontseilariak zorionak eman zizkien irakasleei joan den ikasturtean egindako ahalegin handiagatik, eskola-jarduera presentziala bermatzea ahalbidetu baitzuten, baina orain, antza denez, ahalegin horretaz ahaztu da, eta ez du lotsarik Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean ahalegin handiz lortutako hobekuntzak aplikatu gabe uzteko. Hartutako erabakiak nabarmen baldintzatuko du ikastetxeen funtzionamendua, eta arrisku larrian jarriko du landa-eremuetako eskola txikien funtzionamendua, halakoetan, irakasle gutxi izanik, funtzionamendua bideraezina izanen baita.

Bestalde, ikasleek eta haien familiek ere ez dute bat egiten eskolaldi jarraitu horrekin eta eskolaz kanpoko jarduera horiekin; izan ere, jarduera horiek ez dira ikastetxeek egoera normalean eskainiko lituzketenak. Pandemiaren aurretik eskolaldi jarraitua aukeratu zuten ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduera batzuk zituzten adostuak, ikasleen errealitateari erantzuten saiatzen zirenak, haien ordutegietara, interesetara eta beharretara egokituak. Hezkuntza Departamentuak orain ezarritako eskolaldi jarraitua eta eskolaz kanpoko jarduerak, berriz, ez dira irizpide horien araberakoak, “Kafea denontzat” printzipioari erantzuten diote, eta, gainera, denbora errekorrean diseinatu behar izan dira, presaka eta baliabide egokirik gabe; horregatik, zaila da inor pozik egotea, izan ere, jardueren programazioa, kasu gehienetan, kontziliazioa erraztu ahal izateko haurtzaindegi moduko bat besterik ez da.

Ezin dugu ahaztu, halaber, nola geldituko diren eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak, zeren eta eskolaz kanpoko jarduerarik ez egitea erabakitzen badute (gogoan izan jarduerak borondatezkoak direla), ikastetxean bertan gelditu beharko dira nahitaez jarduera horiek amaitu arte; izan ere, autobusak ez dira 16:30ak arte abiatuko, non eta garraioaren erabiltzaile guztiek ez dieten uko egiten jarduerei. Eta zer gertatuko da kontrako kasuan? Hau da, zer gertatuko da baldin eta eskolaz kanpoko jardueren eskaria handiagoa bada ikastetxeak egindako eskaintza baino? Departamentuak ezarri duen lehentasun-ordenak kanpoan utziko ditu jarduera horiek egiteko eskubidea duten ikasleak…

Hori guztia gutxi balitz bezala, goizeko irakaskuntza-jardueran burbuila-taldeak eratzeko eta mantentzeko egindako ahalegina eta inbertitutako baliabideak pikutara joan daitezke arratsaldeetan; izan ere, eskolaz kanpoko jardueretan, talde desberdinetako ikasleak eta irakasleak nahasten ahalko dira. Kontseilari jauna: benetan prest zaude Nafarroako ikasle eta irakasleen osasuna arriskuan jartzeko eskola-ordutegia luzatzearren?

Azkenik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ez dezala hezkuntza-komunitatea gehiago nahasi alde bakarreko erabakiekin, irakasleengan eta familiengan ziurgabetasun handia eragiten ari baita, irakasleen lan-karga are gehiago handitzeaz gainera. Urtarrilean protokoloa berriz berrikusteak eta orain hartutako erabakiak berriz aldatzeak ez lioke inori mesederik eginen. Aitzitik, askoz onuragarriagoa izanen litzateke ikastetxeei lehenbailehen baimena ematea nork bere ordutegia erabaki dezan, modu autonomoan eta bere hezkuntza-komunitatearekin adostuta, eta gero, onartutako ordutegiaren arabera, ikastetxe bakoitzak erabaki ditzala eskaini nahi dituen eskolaz kanpoko jarduerak, horrelakorik eskaini nahi izanez gero.

Jatorrizko informazioa HEMEN.