Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak ikastolak eta itunpeko ikastetxeak arbuiatzen ditu

421

Asteartean, otsailak 16, bilera izan genuen sindikatuok Hezkuntza Departamentuko hainbat ordezkari eta Carlos Gimeno kontseilariarekin. Lotsagarria izan zen bere jarrera gurekiko. Kargua hartu zuenetik, behin eta berriro eskatu arren, eskaini digun bilera bakanetarikoa izan zen asteartekoa eta moduak ez zitzaizkigun batere txukunak iruditu.

• Berak deuseztatutako hiruko mahaiaren egokitasuna aipatu genion eta zuzenean, eskuak garbituz, patronalengana bideratu gintuen gure sektoreetako Jarraipen Batzordea beraiekin egin behar dugula argudiatuz. Eurek, dirua jartzen dutela soilik.
LABek sendoki defendatzen du hiruko mahaia, patronalak gardenago izatera bultzatzen dituelako eta langileon eskubideak hobeki bermatzen direla agerian geratu delako horrela funtzionatu duenean. Ez dezagun ahaztu diru publikoz finantzatutako sarea garela, jendarteari zerbitzu bat ematen diogula eta ondorioz, Gobernuak nahiz Hezkuntza Departamentuak kalitatezko jarraipen bat egin beharko luketela.

• COVID-19 dela eta, Hezkuntzak ikastetxeei emandako diruaren gastuen justifikazioa ere eskatu genion eta hau, patronalek daukatela erantzun zigun, baina helaraziko digutela. Kudeaketak, orokorrean, garbiagoa izan beharko lukeela deritzogu, eskatu gabe ere informaturik egon beharko genuke!

• Aurten administrazioko langileek izanen duten %0,9ko igoera guri ere aplikatuko zaigula baieztatu zigun. Aldiz, zor zaizkigun leheneratzeak direla eta (2012ko %1,25 dozenteentzat eta %1 gainontzekoentzat eta 2016ko %1 igoera) 2022an Hezkuntzak Ogasun Departamentuari eskaera egingo diola esan zuten. Estatuko 4/2019 legeak murrizketa horiek bertan behera utzi dituenez, legea hori bete beharrari “aurrekontuen erabilgarritasunaren arabera” erantzun ziguten. Beraz, argi dugu borroka egin beharko dugula hau lortu ahal izateko, eta hala egiteko prest gaude!

• Hainbat ikastetxetan ordezkapenekin arazoak egon direnez, otsailaren 1etik aurrera, 7 egunetik gorako bajak 3. egunetik (lehenengotik lerro bakarreko ikastetxeetan) ordaintzen hasiak direla esan zingun. Beraz, COVID 19rekin loturiko konfinamenduak oraingoan bai, kontutan hartuko dira.

• Txertaketen nondik norakoez ere galdetuta, gaia NOPLOIren esku dagoela eta Hezkuntza Departamentuak irakasleen zerrenda jadanik pasa diela argitu ziguten.

• Eta azkenik, formazioan gure sektoreko langileak kanpo geratzen direla eta, plaza kopuruaren igoera eta orain arteko balantzea eskatu genizkien; honako hau izan zen Kontseilariaren erantzuna: “Hezkuntza Departamentua ez da diruaren jabe eta handiagotzeak egin daitezke baina ez aurreikuspenak”.

Beraz, bai Hezkuntza Departamentuak eta baita Gobernuak ere, gure sektorean kalitatezko jarraipena egin eta langileak kontutan har gaitzan defendatzen jarraituko dugu!