Nafarroako Gobernuak 3 urte daramatza Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna urratzen

339

Gaur egin da Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzen den aztertzeko jarraipen batzordeko ikasturteko bigarren bilera, eta bertan Hezkuntza Departamentuak Ituna betearazteko inongo asmorik ez daukala berretsi dugu. Hezkuntza Departamentuak Ituna gauzatzeko ezarri duen egutegiak saihesten ditu Irakaskuntza Publikoaren kalitatea hobetuko lituzketen aferak -inbertsioa suposatzen dutenak- eta guk, LABen, hain zuzen ere gai horiei lehenbailehen ekin beharko litzaiekeela baderitzogu, 2022ko aurrekontuen onarpena dela eta, ondoren ez betetzeko aitzakiarik ez izateko.

Itunean adostutako alderdi batzuk gastu handia ekar badezakete ere, uste dugu inbertsio hori ezinbestekoa ere badela benetan hezkuntza publikoa hobetuko badugu, zuzen-zuzenean eragiten baitute kalitatean. LABetik Departamentuari behin baino gehiagotan eskatu bezala, beharrezkoa da hainbat gairi lehentasuna ematea, hala nola, ratioak eta irakasleen eskola-orduak jaisteari, ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua berritzeari, edo Itunaren II. ataleko 4. artikuluan aipatzen den eta orain ukatzen ari den irakasleen adinagatik zuzeneko saioak murrizteko eskubideari, besteak beste.

Ituna 2018-2022 epean gauzatu behar zen; jada hirugarren urtean gaude eta irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko gauza asko falta dira oraindik. Orain arte jaso ditugun erantzunetan, Departamentuak entzungor dirau: gure proposamenei ez zaie erantzuten, muzin egiten zaie, edo luzamendutan ibiltzen dira, benetan garrantzia duten gaiak behin eta berriro atzeratuz. Honek guztiak kontseilariak Ituna betetzeko duen erabateko borondate eza agerian uzten du eta, hortaz, Gimeno kontseilariari gogorarazi nahi diogu Nafarroako Gobernuak sinatu zuela Hezkuntza Ituna eta, ondorioz, nahitaez bete behar duela, eta eskatu nahi diogu benetan irakaskuntza publikoa hobetzeko halabeharrezkoak diren aferei behingoz aurre egin diezaien.

Hezkuntza kalitateaz asko hitz egiten du kontseilariak baina, antza, ahaztu egiten du hori bermatzeko pausuak eman ere egin behar direla. LABetik adi jarraituko dugu hala egin dezala exigitzeko.

Jatorrizko informazioa: HEMEN