Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

292

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pedagogia Terapeutikoko profesionalak maisu-maistren kidegokoak dira. Hauen eginkizun nagusia da behar diren tresnak eskaintzea eta egokitzea hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei, integratzen laguntzeko. Horregatik, langile horiek, Lehen Hezkuntzan ez ezik, Bigarren Hezkuntzan ere aritu daitezke, eta baita Lanbide Heziketan ere.

Hor sortzen da arazoa: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara atxikitako PTek %5,45eko soldata-osagarria jasotzen dute beren lana “definizioz” dagokiena ez den beste etapa batean egiten dutelako, baina Lanbide Heziketara atxikita daudenek ez dute jasotzen. Gertakari horien berri izan ondoren, LABek Arartekoarengana jo zuen, afiliatu baten bitartez.


Indarrean dagoen araudia aztertu ondoren, Arartekoak onartu egin du LABen eskaera, eta Gimeno kontseilariak zuzentzen duen Departamentuari gomendatu dio “beharrezko neurriak har ditzala, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen gaineko neurriei buruzko abenduaren 3ko 16/2004 Foru Legearen 9.2 artikuluan aurreikusitako osagarria, aldi baterako edo behin betiko egoeran, Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetan lan egiten dutenei ere aplika dakien”. Beraz, orain, Hezkuntza Departamentuak bi hilabete ditu ebazpen hau onartzen duen ala ez jakinarazteko, eta, erantzuna baiezkoa izatekotan, horren inguruan hartuko dituen neurriak adierazteko.

LABen argi daukagu konparaziozko bidegabekeria berri baten aurrean gaudela, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela Lehen Hezkuntzatik kanpo lan egiten duten Pedagogia Terapeutikoko profesionalen artean. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ahalik eta lasterren onar dezala Arartekoaren gomendioa, eta eman diezaiola betiko bukaera lehen mailako PTak eta bigarren mailako PTak eragin dituen desberdintasun honi; izan ere, lan bera eginez soldata desberdina jasotzen baitute. Era berean, Hezkuntza Departamentuak sortu duen bidegabekeria ekonomikoa atzeraeraginez konpon dezala ere esijitzen dugu. Orduan, eta orduan bakarrik, utziko dugu alde batera egun irekita dugun bide judiziala.