Heziketa Bereziko aurreikuspenen mahai parekidea

295

LABek sinaturiko akordio laboralari esker lanpostu guztiak bermatzea lortu dugu

Gaur, maiatzak 6, 24-25 ikasturteko beharren aurreikuspenen inguruko mahai parekidea izan dugu. Bertan, lurraldez lurralde datorren ikasturtean egongo diren lanpostuen errepasoa egin dugu. Horrela, LABek 2023ko ekainean sinaturiko akordio laboralari esker, Berritzegune guztietan aurtengo ikasturteko lanpostu kopurua bermatuko da. Gainera, berritzegune batzuetan lanpostu gehiago sortuko dira, bai jardun osoan eta baita erdian ere.

Hala ere, LABetik hainbat ekarpen egin ditugu. Alde batetik, jardun erdiko lanpostuen goranzko joerak kezkatzen gaituela adierazi dugu. Bide horretan, kolektibo guztietan baliabideak esleitzeko irizpideak negoziatzeko beharra berriro mahai gaineratu dugu; kolektiboz kolektibo dagoen egoera eta aldarrikapenak adieraziz. Era berean, dagoeneko Lanpostuen Zerrendan dauden lanaldi erdiko lanpostuak lanaldi osora pasatzeko plan bat martxan jartzeko proposamena dagoeneko bidali dugu LABetik. Bestalde, ikastetxez ikastetxe aurreikuspenetan planteatutako beharrei ekarpenak egin dizkiegu.

Esleipenen egutegiari dagokionez, behin-betiko egutegia maiatzaren 9an argitaratuko da. Egun horretan ere, beharren zerrenda eta Berritzeguneetako esleipenen parte hartzaileen behin-betiko zerrenda argitaratuko da.

Berritzeguneetako adostasun bilerak maiatzaren 14, 15 eta 16ean izango dira. Egon adi deialdiei.

Esleipenen Informazio guztia lotura honetan duzue.

Gaurkoan ere, salatu dugu lanaldi erdiko lanpostuen eta ordezkapen kontratuen uko egiteak itsu-itsuan egin behar izan direla, datorren ikasturteko aurreikuspenak ezagutu gabe.

Maiatzaren 9an, lan hitzarmenaren negoziaziorekin jarraitzeko artikulatu osoaren proposamena aurkeztuko digute. Besteak beste, ekoizpenagatiko kontratuen iraupenaren inguruko negoziazioa lan hitzarmenaren negoziazioren baitan kokatuko dugu. LABetik 20 urte bete dituen gure lan hitzarmena berritzeko aukera guztiak baliatuko ditugu, gure kolektiboak merezi duen aitortza lortu arte.