Nafarroa Garaiko HHko 0-3 sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioa abian jartzeko deia egiten du LABek

275

LAB sindikatuak prentsaurrekoa egin du gaur goizean Haur Hezkuntzako 0-3 sektorerako Nafarroako lehen hitzarmen kolektiboa izango denaren negoziazioa abian jartzeko. Bertan, LABeko haur eskoletako delegatua den Amagoia Reclusak eta LAB Sindikatuko 0-3 eta Hezkuntza arduradunak diren Saioa Tapizek eta IƱigo Orellak hartu dute parte.

Azken hilabeteetan 0-3 Plataformaren eskutik mobilizazioak egin ondoren, non urte batzuetatik hona LAB aktiboki parte hartzen ari den, gaur hirugarren greba astea bete dugu Nafarroako haur eskoletan. Plataformaren lan handiari eta ahalegin nekaezinari esker borroka honetan Foru Komunitateko eskola ia guztiak batzea lortu da, eta inoiz ez bezala ikusarazi da eskola gehienetan egunerokotasunean bizi dugun egoera eta errealitate larria. Gainera, argi utzi dugu egunero gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dugula.
Sektorearen onura edo ongizatea bilatzen ez duten beste interes batzuen gainetik, ezinbestekoa da bizitza erdigunean jartzea. Une honetan, argi daukagu kolektibo hau gehienbat feminizatua delako dagoela dagoen egoeran eta uste dugu bizitzaren iraunkortasuna ezin dela oinarritu emakume langileen prekarietatean. Nahikoa da!
LAB Sindikatuaren ustez, gatazka honen konponbidea lan-ildo bakoitza banan-banan ebaztetik etorriko da (Europako ratioekin parekatzea, lan-baldintzak duinak, izaera hezitzailea, doakotasuna), baita horietan inplikatuta dauden eragileen artikulaziotik ere (Udalak, Udal eta Kontzejuen Federazioa, enpresak, sindikatuak, Hezkuntza Departamentua, Parlamentua, etab.), bakoitzak bere erabaki- eta esku-hartze esparruetan duen eskumenekin.
Sektore honetan gehiengoa duen sindikatua garen aldetik, erantzukizun historikoa daukagu, eta, horregatik, 0-3 Plataforma egiten ari den lanaren lan osagarria egingo dugu. Egungo egitura juridiko-politikoa oinarri hartuta, arazoaren ertzetako bati irtenbidea ematen hasiko gara eta Nafarroako haur-eskola askotako plantillen baldintza ekonomiko- laboralei irtenbidea emateari ekingo diogu; izan ere, gaur egun, hitzarmen sektorial propiorik ez izatearen ondorioz laguntza- zentroen eta haur-hezkuntzaren estatuko hitzarmenekin daude arautuak.
LABen esku dago Nafarroako haur-eskolen sektoreko lehen hitzarmena negoziatzea, eta horretan eragingo dugu, sektoreko lan- harremanak juridikoki arautuko ditugu, hori baita modurik onena, errealistena eta bermerik handiena etorkizunari begira gutxieneko lan- baldintzak blindatzeko. Horixe da gure eragin- eremu naturala administrazioen prekarizazio-joera baldintzatzeko.
Horretarako beharrezko urratsa da enpresak, kooperatibak eta gainerako haur-eskoletako esleipena dutenekin patronala osatu, lehen hitzarmen sektorial hori negoziatzeko.
Horregatik guztiagatik, gaur 3 dei egin nahi ditugu:
1) Langileei, sektoreko lehen hitzarmen hau lortzeko hasiko dugun borrokari eusteko eta horretan laguntzeko eskatzen diegu. LAB bermea da lan-baldintzak hobetzeko, KPIaren araberako soldata-igoerak lortzeko, etab. Eskarmentua dugu horri dagokionez.
2) Gainontzeko sindikatuei LABekin bat egiteko eskatzen diegu, negoziazio prozesua lehenbailehen martxan jar dezagun.
3) Haur-eskolak kudeatzen dituzten enpresa eta kooperatibei, patronala izan daitezen sektoreko hitzarmena lehenbailehen negoziatzen hasteko. Hitzarmen hori lortzeko, borondatea behar da, ez Nafarroako Gobernuarena edo Udalena, sindikatuena eta enpresena baizik.
Nafarroako haur-eskoletan ekonomia- eta lan- baldintzak hobetzea posible da, horretarako elkarrekin borrokatu behar dugu.
Bide batez, jakinarazi nahi dizuegu datorren astelehenean, maiatzaren 23an, 17:30ean, elkarretaratzea egingo dugula Nafarroako Jauregiaren/Diputazioaren aurrean, Nafarroarako haur-eskolen hitzarmen propioa eskatzeko.