Nafarroa Garaiko Hezkuntza Departamentuak egonkortze prozesuko plazak “sekretupean” ditu

479

Atzo, maiatzak 10, Nafarroako Hezkuntzako mahai sektoriala egon da eta, LABetik zein beste sindikatuetatik eskatu bazaio ere, Hezkuntza Departamentuak ez du oraindik argitu zenbat eta zer plaza egonkortuko dituen datozen hilabeteetan, 20/2021 Legeak, abenduaren 28koa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoak, agindutakoaren arabera. Are gehiago, ez du ezta denon ahotan dabilen gaia jorratu ere egin, ezta aurreratu noiz eginen duen ere. Badirudi, noizbait, langile asko kezkatzen eta eragiten duen afera honetan ere Gimeno kontseilaria suma y sigue egiten ari dela, beste behin ere gurekin negoziatzeaz ez ezik, gu informatzeaz ere paso eginez.

Icetaren legearen arabera, Administrazio Publikoek ekainaren 1ean baino lehen jakinarazi behar dute zer plaza aterako dituzten egonkortze prozesuan. Beste erkidego eta udal batzuetan hala egin dute, baita hainbatetan sindikatuekin modu adostuan ere. Hala ere, gurean “nafar erara” jarraitzen du gauzak egiten Hezkuntza Departamentuak, inorekin kontsultatu eta negoziatu gabe, ezta inor informatuz, a posteriori ez bada. Gaur gaurkoz, nahiz eta informazio hau behin eta berriro eskatu diogun, jarraitzen dugu ezer jakin gabe; baina jakin badakigu Gimenoren modus operandi honen ondorioz azken unera arte itxarongo dutela alde bakarrez hartutako euren erabakiaren berri guri emateko, kritikak eta mobilizazioak saihestearren.

Tamalez, Gimeno jaunaren jokabide modura ohituta gaude. Azkena, duela 15 egun baino gutxiago, PAIko bere foru-legea onetsi zenean Parlamentuan Navarra Sumaren aldeko bozka bakarrarekin, premiazko prozeduraz baliatuz eta sindikatuen zein Gobernuko eta oposizioko alderdien kontrakotasunarekin. Izan ere, behin-behinekotasuna murrizteko legean aukera ezin hobea ikusi zuten PSNk eta Navarra Sumak PAI egonkortzeko, hizkuntza programoi Nafarroa osoan eredu maila emanez, baita D ereduaren gainetik jarrita ere, esaterako, euskara meritu gisa hartzeari uko egiten dioten bitartean. Hezkuntzari zor zaion kalitatea emateko baino, PAI betikotzeko erabili da egonkortzearen aitzakia, horrek jendea kaltetu arren. Galdetu, bestela, ikasleei, familiei, langileei… Azken hauetako asko diskriminatuak izango dira lege honen ondorioz: gure hizkuntza propioak jakin arren, eragotziko zaie egonkortze-prozesuan parte hartzea atzerriko hizkuntzetan C1a ez izateagatik. Hau al da “berdintasuna, meritua eta gaitasuna”ren arabera jokatzea? Ez dago eskubiderik!

Beste behin ere, egonkortze prozesuarekin oraingoan, ezkutuan eta maltzurkeriaz jokatzen ari direla deritzogu LABen, eta behar errealari erantzun ordez, legea interes partidista eta propioak eskuratzeko erabiltzen ari direla. Hortaz, egonkortze prozesu garden eta negoziatu bat galdegiten dugu berriro ere, gure gizarteak merezi duen bezala

Jatorrizko informazioa: HEMEN.