Matrikulazio kanpainan Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailaren utzikeria salatzen dugu

364
[EAE, Haurreskolak]

Haurreskolak Partzuergoak eta, orohar, EAEko Hezkuntza sailak, ekainak 8ra arte irekita dagoen Haurreskoletako matrikulazioarekin izandako begirune eza, utzikeria, inprobisazioa eta ardura falta gogorki salatu nahi ditu LAB Sindikatuak

Batetik, hurrengo ikasturterako haurren izen-emateari dagokionez, Hezkuntza Sailak ez du inolako publizitate-kanpainarik egin komunikabideetan, eta gure hiri eta herrietan ikusten ditugun kartelak zein sareetan topatu ahal ditugun Haurreskolak ezagutzeko bideoak, Haurreskoletako langileek beraiek egindakoak dira.

Bestetik, LABetik gogor salatu nahi dugu Haurreskoletako matrikulazioa aurrez aurre egiteko prebentzio-planean jasotako norbera babesteko ekipamendu guztia  ez dela hainbat haurreskoletara heldu, eta azkenengo momentuan hezitzaileei farmazietan erosteko gomendatu zaiela enpresatik. Hortaz, Haurreskolak Partzuegoak langileak babesteko duen ardura, hezitzaileen utzi duela salatu nahi dugu.

Hau dela eta, Haurreskolak Partzuergoko Gerentea den Zorione Etxezarragaren alde soziala baztertzeko ahalegina eta aurrez aurreko lanean hasteko irizpide argien falta  salatu nahi ditugu ere. Era berean, kezkagarria da Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak hartu duten noraeza. Datorren ikasturterako ez dago haurrekin hasteko plangintzarik,  ezta prenbentzio planik ere.

LAB sindikatuak aukera eta egoera guztiak kontuan hartuko dituzten proposamenak landu nahi ditu. Segurtasun osoz haurreskoletara etorriko diren haurren ongizatea bermatuko duen itzulera plan bat nahi dugu;  besteak beste ezinbestekoa izango den ratioen jaitsiera ekarriko duena eta,  parametro ekonomizistetatik kanpo, langileon eskubideak bermatuko dituena, hezkuntza-komunitatea osatzen dugun eragileon iritziak aintzat  hartuz.