LABen eskaerak Haurreskolak Partzuergoko lehenengo mahai negoziatzailerako

436

Bihar, hilak 23, Haurreskolak Partzuergoko ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailea izango dugu. Gaiordeneko puntuak hezitzaileen eta kudeaketako langileen lanpostu zerrendak izango dira. LABek ezinbestekotzat jotzen du zerrenda hauetako negoziazioa. Izan ere, ikasturte honetan negoziatu eta adostu beharreko estabilizazio prozesuei begira lehendabiziko urratsa izango da hau.

Beraz, LABetik proposatuko dugu egungo egoerara egokitutako Lanpostu zerrenda, desplazamenduak ekidingo dituena; lanpostu guztiak estabilizatu eta langileak finko bihurtzea helburu ekingo diegu negoziazio prozesuei.

LABen ustez Haurreskolak Partzuergoan inor ez dago soberan eta premisa horrekin abiatuko dugu negoziazio bide hau. Beraz, hauek izango dira bilerara LAB sindikatuak eramango dituen eskaerak:

  • Hezitzaileen Lanpostu zerrenda
    • Behin behinekotasun tasa jaisteko legeak gutxienez behin behinekotasun tasa %8ra jeistea du helburu. Bestalde, lan-erreformak kontratazioak egiteko aukerak ere murrizten ditu. Beraz, Haurreskoletako beharrei erantzuten dieten lanpostu estruktural guztiak jasota egon behar dira LPZan: matrikulazioaren gorabehera edozein dela ere, 2016 eta 2018ko leku aldatze prozesuetarako erabili genuen formula erabiliko dugu, enpleguaren defentsan finko eta LEP artekoen kopuruak blindatuz. Horrez gain, aldagai berria sartuko dugu, etengabean errepikatzen diren lan metaketak, azken hauek egiturazkoak bihurtzea eskatuz.
    • LPZa berrantolatzeko irizpideak ezin dira soilik ratioak izan. LABek proposatzen du benetako beharren gaineko hausnarketa egitea:
      • Gela bakarreko haurreskoletan, bi hezitzaile jardun osoan.
      • Taldekatze gelen hazkundea kontuan harturik, horiek zabaltzeko irizpide berriak eta gela horiei egokitu beharko zaien hornikuntza espezifikoa zehaztea.
      • Errefortzuak ezartzea, batez ere, haurrek ordutegi luzea duten haurreskoletan. Haurren 8 orduko jarduna eta hezitzaileen 6 ordu eta laurdeneko arreta zuzenari egokitutako ratioak.
      • Haurreskoletako tipologia, haurreskola bakoitzaren ordutegia, haurren ordutegia, premia bereziak dituzten haurren kopuruari,…egokitutako ratioa
  • Kudeaketako langileen Lanpostu zerrenda
    • Gaur gaurkoz eta Haurreskolak Partzuergoa sortu eta ia 20 urte beranduago kudeaketa alorreko langileek ez dute Lanpostu zerrendarik. LABek sartutako demanda judizialaren ebazpenak Haurreskolak Partzuergoa zigortu du 2018ko martxoaren 6an sinatutako akordioaren 1. artikuluan zehazten duena betetzera: “Partzuergoko kudeaketa arloko lanpostuak arautu beharra ikusita, beharrezkoa deritzogu lanpostu zerrendetan islatzea, beraien funtzioak adostuz. Beraz, gaur egun, kudeaketa arloan dauden lanpostuak, lanpostu zerrendan arautuko dira, funtzioak zehaztuz, eta sindikatuekin negoziatuko dira.”
INFO-13._Otsailaren-23ko-mahai-negoziatzailean-LABen-eskaerak