LABen ekimenez, ikasturte honetan Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan 465 lanpostu euskara perfila izatera igaro dira

48

1. Hizkuntza Eskakizuneko (HE) lanpostuak 1.440tik 975era jaitsi dira 2026-27 ikasturtean, LABek martxoan abiatutako dinamikari esker. Era berean, Hezkuntza Sailari lanpostu guztiak 2. Hizkuntza-eskakizunean perfilatzea eta derrigortasun-data ezartzea, langileak euskaldunduko dituzten euskara-plan eraginkorrak garatzea eta D ereduko eskaintza zabaltzea exijitu dio.

LAB sindikatuak, urteetako borrokari jarraituz, Lanbide Heziketa eta Bigarren Hezkuntza euskalduntzeko urratsak eman daitezen dinamika propioa abiatu zuen martxoan. Ordutik, ikastetxeetan asanbladak deitu eta langile zein zuzendaritzekin elkarlanean aritu da, ikasturte hasierako esleipenetara ateratzen diren lanpostuak 2. HEarekin perfilatzeko helburuarekin. Zentzu horretan, ikastetxeetako zuzendaritzei LPZko aplikatiboa betetzeko eta lanpostuak perfilatzeko aintzat hartu beharreko irizpideak ere helarazi zizkien LABek.

Dinamika horrek eragin zuzena izan du. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 465 lanpostu 1. hizkuntza-eskakizunetik 2. hizkuntza-eskakizunera igarotzea lortu da 2026-27 ikasturteko Lanpostuen Zerrendan (LPZ). 2025-26 ikasturteko LPZan 2. HEko 2.918 lanpostu zeuden; 2026-27ko LPZan, berriz, 3.669 dira.

Legebiltzarrera bideratutako galdera parlamentario baten bidez jasotako datuen arabera, 1. HEko lanpostuetan dauden karrerako funtzionarioei dagokienez, 101 pertsonak 2. HE egiaztatuta dute, eta 47k ez dute egiaztatuta. Sektore bereziei dagokienez, 84k HE2 dute egiaztatuta, eta 9k ez.

Bestalde, D ereduaren eskaintza zabaltzea exijitzen du LABek. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, euskalduntzen ez duten ereduen bidez eskaintzen diren zikloen %60 baino ez da euskaraz eskaintzen. Egoera are larriagoa da Oinarrizko Lanbide Heziketan, non D eredua anekdotikoa den: matrikulen %18,5 baino ez dira euskaraz. Beraz, ikasle askori euskaraz ikasteko eskubidea eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatzen zaie.

LABek, aurrerapausoak egon diren arren, Hezkuntza Sailak 1. HEko plazak betikotzen jarraitzen duela eta Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa euskalduntzeko konpromiso errealik hartzen ez duela salatu nahi du.

Horregatik, LABentzat ezinbestekoa da lanpostu guztiei hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzea, baita langileak euskaldunduko dituzten euskara-plan eraginkorrak garatzea eta D ereduko eskaintza handitzea ere.

LAB sindikatuak azken urteetako borrokari jarraipena emango dio ikasturte honetan ere, Lanbide Heziketa eta Bigarren Hezkuntza euskalduntzeko eta ikasle zein langileen euskarazko eskubideak bermatzeko.

> Adibide batzuk jasotzen dituen taula. Ezin izan ditugu ikastetxe guztietako datuak dokumentuan sartu.

INFO-2026-09-15-1