LABek urrats berri bat eman du Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean

686

Urteetako lanketaren ostean, gaur, maiatzak 26, berritu da EAEko irakaskuntzako lan-hitzarmenaren horniketa atala.
2017ko greba dinamikak abiarazi zuen akordiorako bidea, eta ordutik ezarritako mugarriek (2018ko aurreakordioak,
2020ko iraileko hezkuntzako greba edota 2021en zerbitzu publikoetan buruturiko grebak) ahalbidetu dute gaur
erdietsitako agertoki berria. Ibilbide horren emaitza da LABek ratioen eta eskolako baliabideen inguruko akordioa
izenpetu izana Hezkuntza Sailarekin.
LAB sindikatuak izenpetu berri duen akordioak (Steilas, CCOO eta UGTrekin) baldintza hobeetan kokatzen du Euskal
Eskola Publikoa. Izan ere, bermeak lortu dira jaiotza kopuruen beherakadaren aurrean, enplegua sortu eta
egonkortzeko. Horretaz gain, ratioen beherakadak ahalbidetuko du irakaslegoaren lan-zamen doitzea eta haur eta
ikasleei eskaini ahal zaien arretan hobetzea. Azpimarratzekoa da, bestalde, gaur egun funtzionamenduzkoak diren
lanpostuak egiturazko bihurtzeko bidea ematen dela.
Aldarrikapen asko dira akordioan jaso direnak, besteak beste, errepikatzaileak edo matrikula bizi bidez gehitutako
ikasleak ratioetan kontuan hartzea, %10eko ratio jaitsiera gehigarria Hezkuntza Konplexutasun Indize altuko (HKI)
zentroetan, ikasle/gelako ratioa murriztea eta ikasle/irakasle ratioak ezartzea.; adibidez, Haur Hezkuntzako 2 urteko
gelan edo Bigarren Hezkuntzan gelako ikasle kopurua mantendu arren, irakasleko izango den ikasle ratioa jaisten da;
gainerako etapetan, gelako ikasle kopurua ere baxuagoa da gaur egun dagoena baino.
Ikasle/irakasle ratioa ezarriz, bide emango zaio irakaskuntza partekatuari, tutorizazioaren binakako jarduteari, gelako
bikoizketak egiteari edota eskolari esleitutako baliabide gehigarriak bertako hezkuntza proiektuei lotuz definitzeari.
Horretaz gain, beste zenbait baliabide gehigarri sortu dira gaur egungo eskolen funtzionamenduari gehituko
zaizkionak. Nabarmenak dira horien artean laguntza eta errefortzuko irakasle kopuru handitzea, zuzendaritza taldeen
hornidura sendotzea edota hezkuntza premia berezien esleipena zabaltzea. Ildo berean, Bigarren Hezkuntzan
tutoretza bikoitzak sortuz edota administrariak eta IKT teknikarientzako 500 lanpostu sortuz.
Azken finean, eskola guztietan egiturazko Irakasle Terapeuten handitzearekin (ikasleen diagnostikoei lotuta egon
gabe) eta aholkularien gehikuntzarekin, aurrerapausoa emango da ikasleen aniztasunari erantzuteko baliabideetan.
Azpimarratzekoa da eskoletan, berrikuntza eta prestakuntza-proiektuen koordinatzaileak gehituz bidea irekiko dela
LABentzat oinarrizkoak diren lau giltzarrietan eragiteko: eraldaketa pedagogikoa, hezkidetza, euskararen
normalkuntza eta inklusioa.
Gauzak horrela, gaurko aurrerapausoa etorriko direnen lehena izatea espero du LABek. Izan ere, lan baldintzak zein
lizentzia eta baimenak arautzen dituen akordioan ere urratsak emateko garaia dela deritzogu. Gaur gaurkoz,
interinoen eta karreradun funtzionarioen artean mantentzen diren desorekek amaiera izan behar dutela iritzita, dei
egiten diogu Sailari negoziaketan indarrak biderkatzeko. Bitartean LABek hor jarraituko du, Euskal Eskola Publiko
Komunitarioa ipar izanik, langileon eta ikasleen beharrei erantzungo dien erronketan bulkada berriak sortuz.

Infoa-Akordioa-Irakasleak

AKORDIOA.-Plantilla-esleitzeko-irizpideak.-2022-05-26