Nafarroa Garaian egonkortuko diren Hezkuntza-lanpostuak, espezialitateen arabera, eta azterketak nolakoak izango diren

287

Azken egunotan, jakin dugu Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako zenbat lanpostu egonkortuko dituen ezohiko prozesuan, baita zein espezialitateetan ere. Ondoko PDFan badituzu hau zehazten duten taulak: Hezkuntzan egonkortuko diren lanpostuak.

LABen iritziz, egonkortuko diren lanpostuak erabat eznahikoak dira eta, gainera, salatu nahi dugu beste behin ere ia erdia PAI (Atzerriko Hizkuntzetako Programak) egonkortzera bideratu dituztela. Gainera, estrukturalak diren hainbat lanpostu ez dituzte atera, eta ez dugu ulertzen zergatik. Honen azalpena ere ez digute eman, egonkortze-prozesu osoan zehar Gimeno kontseilariak izan duen jarrera ilunaren erakusle, Hezkuntza Departamentuak ez baitu gurekin ezer negoziatu, ez eta gu informatu ere, guk behin eta berriro hala eskatu arren.

Bestetik, 270/2022 Errege Dekretuak egonkortuko diren lanpostuen deialdietako merezimendu-lehiaketetako eta oposizio-lehiaketetako azterketak nolakoak izango diren inguruko informazioa ematen du, eta hemen laburbiltzen dizuegu:

Merezimendu-lehiaketa

Egonkortze-lehiaketa berezia merezimendu-lehiaketa batek osatuko du (ez da azterketarik egongo).

Kasu hauetan soilik ezarriko da: 2021/12/31an beteta dauden egiturazko plaza hutsak denboraldi baterako langileengatik beren antzinatasuna Nafarroan 2016/1/1etik aurrekoa dena.

Honako hauen arabera egingo da: (15 puntu gehienez)

– Aurretiko irakaskuntza-esperientzia: 7 puntu gehienez (10 urte).
– Prestakuntza akademikoa: 3 puntu gehienez.
– Beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez.

Oposizio-lehiaketa

Oposizio-faseak bi zatitan egituratutako proba bakarra izango du, eta zati horiek ez dira baztertzaileak izango.

A zatia: epaimahaiak ausaz ateratako gai kopuru batetik izangaiak aukeratutako gai bat idatziz garatzea.

B zatia: unitate didaktiko bat aurkeztea eta defendatzea. Eduki aplikatuak, trebetasun instrumentalak edo teknikoak dituzten espezialitateetan, bigarren zati honetan ariketa praktiko bat sartu ahal izango da.

Probaren bi zatietako bakoitzaren kalifikazioa 0 puntutik 10 puntura bitartekoa izango da, eta zati bakoitzak azken kalifikazioaren % 40 izan beharko du gutxienez. Pisu hori hezkuntza-administrazioek finkatuko dute. Probaren azken nota eta nota orokorra 0tik 10era bitarteko zenbakietan adieraziko da, eta lehiaketa-fasera sartu ahal izateko gutxienez 5 puntu lortu beharko dira.

Lehiaketa-fasean, deialdiek finkatzen dituzten baremoak hiru multzotan egituratuko dira (10 puntu gehienez):

– Aurretiko irakaskuntza-esperientzia: 7 puntu gehienez (10 urte).
– Prestakuntza akademikoa: 2 puntu gehienez.
– Beste merezimendu batzuk: gehienez puntu 1.

270/2022 Errege Dekretua xehetasunez irakurri nahi baduzu, ESTEKA HONETAN egin dezakezu.

Jatorrizko informazioa: HEMEN.