LABek Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu du Hezkuntzaren kudeaketa okerraren ondorioz

302

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean, Hezkuntza kontseilaria den Carlos Gimenoren dimisioa eskatzeko, legealdiko hiru urteetan izan duen bere Departamentuaren kudeaketa kaskarra dela eta. Kudeaketa hori inposizioan oinarrituta egon da, kontseilariak ez baitu inorekin ezer negoziatu nahi izan, ez eta kontuan hartu beharko lituzkeen hezkuntza-eragileak informatu ere. Navarra Suma koalizio eskuindarrean aurkitu du Gimenok bere aliatua bere erabaki aldebakarrak inposatu ahal izateko, prezioa zein ote zen galdetu ere egin gabe.

LABen iritziz, Carlos Gimenok berehala utzi beharko luke bere kargua, dagoeneko han eta hemen eragin duen kaltea are handiagoa izan ez dadin. Gimenoren alderdiak, PSNk, gauzak benetan ongi egin nahi baditu, badu oraindik urtebete beste modu batez jokatzeko, eskuinarekin binomioa egin beharrean, beste gehiengo aurrerakoi batzuk lortuz eta sindikatuokin beharrezkoa den negoziazioa eginez.

Gimenok ikaragarri gaizki egindakoen zerrendari dagokionez, lehenik eta behin, LABek uste du Hezkuntza kontseilariak pandemiaren kudeaketa ezin zen okerrago egin zuela: COVID-19ren aurrean ezohiko neurriak hartu behar ziren, ados gaude, baina bai jardunaldia ezartzean, bai eskolaz kanpoko jarduerekin… aldebakarrez hartu zituen erabaki guztiak eta, hori gutxi balitz, modu kaotikoan, erratikoan, langileak, ikasleak zein familiak berak ere erotuz.

Langileez ari garelarik, galde diezaietela adinagatik lanaldia murriztuta izan beharko luketen irakasle askori zergatik Gimenoren Departamentuak ukatu egin dien edo, oro har, edozein irakasleri, zer dela eta egin behar dioten aurre lan zama gero eta handiago bati, baliabide gutxiagorekin. Izan ere, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna iraungitzear dagoenean (abuztuan bukatuko baita) bertan jasotako akordioetako asko bete gabe baitaude oraindik.

Ez ditzagun ahaztu hau jada laugarren greba astea daukaten haur eskolak, lan-baldintza duinen alde eta, orain, LABen laguntzaz, sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren borrokan dihardutenak. Beharrezkoa izan dute greba mugagabeari ekitea Gimenok beraiekin esertzea onartzeko.

Zer esanik ez kontseilariaren ingelesarekiko atxikimenduaz -euskarafobiaren alderantziz proportzionalean, esan liteke-? Jakina denez, PAI (Atzerriko Hizkuntzetako programak) betikotzea lortu du, horretarako foru-lege bat asmatuta, orain arteko irakaskuntzako funtziora sarbidea arautzen zuen legeriaren gainetik pasatu eta sindikatuon eta Gobernuko zein oposizioko gainontzeko alderdien iritziari entzungor eginda. Gainera, ezohiko egonkortze-prozesuan Hezkuntzak atera dituen lanpostuen ia erdia PAIra bideratu ditu, modu horretan irakasle asko eta asko diskriminatuta. Eta Lanbide Heziketan atzerriko hizkuntzetako feverrak jarraitzen du, gero eta ziklo gehiago elebiz eskaintzen dira, modu bikoiztuan, inolako irizpide akademikorik gabe, eta ez ikasleen, ez irakasleen iritzia entzun gabe.

Hori guztia egin du PSNk euskarafobian murgilduta D ereduaren kontra jotzen zuten bitartean: D ereduko lerro berriak zabaltzeko trabak jarri dituzte (Mendigorrian, adibidez), D ereduan matrikulazioa bultzatzeko kanpaina desagerrarazi dute… eta PAItik atera nahi zituztenei -Castejongo Dos de Mayo ikastetxekoei, besteak beste- trabak besterik ez dizkiete jarri.

Egonkortze-prozesua aipatu dugularik, ez dugu ulertzen zergatik ezohiko lehiaketa hauetara atera dituen horrenbeste lanpostu gutxi… Zergatik ez dituzte egiturazko-plaza batzuk atera -lanpostu ez-osoak elkartu eta horrela eskaintzea bazuten, beste toki batzuetan egin duten bezala-? Hemen, beste askotan bezala, galdera ikurrarekin geratuko gara, inork ez baitigu erantzuten. Eta ez dezagun alboratu, halaber, egonkortze-prozesuan euskaraz eskainiko dituzten lanpostuak %15 baino ez direla izango.

Ikastolak eta Itunpeko Irakaskuntzarekin ere Gimenok behin eta berriro uko egiten dio negoziatzeari; Hiruko Mahaia deuseztatu zuen legealdia hasi zuenean eta, LAB eta beste sindikatuetatik hala eskatu badiogu ere, uko egiten dio berriz osatzeari eta patronalekin baino ez da eseri, langileen baldintzak asetzen ez dituen oinarrizko akordioa sinatuz.

Adierazitako honengatik guztiagatik, Gimeno jauna, Hezkuntzaren kudeaketa lehenbailehen bertan behera uzteko eta kalte gehiagorik ez eragiteko eskatu behar dizugu. PSNri dei egiten diogu egindako kaltea zuzentzeko ahalegina egin dezan eta legegintzaldirako geratzen zaion urtea gauzak ondo egiteko aukera gisa aprobetxa dezan, gai garrantzitsuak behar bezala negoziatuz eta aliantza aurrerakoiak bilatuz, eskuinarekin sinatzean egokitu gabe.

Azkenik, gure afiliazioari eta euskaltzaleei eskatu nahi diegu datozen egunotan, ikastetxeetan, erantsita doan kartelarekin, egin dezatela argazki bat eta bidal diezagutela irakaskuntzanafarroa@lab.eus helbide elektronikora, kontseilariari dimisioa eskatzeko presioa areagotzearren.

Jatorrizko albistea: HEMEN