Kalitatezko hezkuntza-sistema bermatuko bada, ezinbestekoa da ratioen jaitsiera erreal eta eraginkorra

250

Sistema publikoa eraisteko ahalegina, tamalez, egiazkoa da, eta, Nafarroako Foru Administrazioaren gainerako arloetan gertatzen den bezala, Hezkuntzan ere zerbitzu publikoen kalitatea kaltetuko duten murrizketen garaia datorrela ikusten dugu. Baina, aldi berean, jaiotza-tasaren beherakadak aukera paregabea eskaintzen digu hezkuntza-kalitatean eragin zuzena izango lukeen ratioen jaitsiera aplikatzeko. Hezkuntza sektoreak ere, zerbitzu publiko orok bezala, kalitatea eskaini behar duela aldarrikatzen du LABek, eta hori ikasle guztien beharrak erdigunean jarriz lortuko da.

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitaterako Itunak, egun, honako ratioak (ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua) ezarri ditu, ikastetxe guztietarako, sare publikokoak zein itunpekoak: 25 ikasle Haur eta Lehen Hezkuntzan, 30 Bigarren Hezkuntzan eta 33 Batxilergoan. Landa-eremuko eskoletan ratio horiek txikiagoak badira ere, ikastetxe horien errealitatea da maila desberdinetako ikasleak bildu behar dituztela, eta beraz, nahiz eta ez diren hain ugariak, guztiei aldi berean eta behar bezala arreta ematea zaila da. Haur-eskoletako ratioek, aldiz, honakoa ezartzen dute: hezitzaile bakoitzak 8 ditiko haur edo 2 urteko 16 haur izan behar dituela bere ardurapean.

Landa-ingurunean zein hiri-ingurunean, jaiotza-tasaren beherakadak ez dakarkio aurreikuspen onik ikastetxe askori: talde gutxiago, ikasgelen itxiera eta irakasleen galera. Horregatik, kalitatea eta lanpostuak mantenduko badira, ratioak benetan eta modu eraginkorrean jaitsi behar dira.

Era berean, ratioen jaitsiera horrek eragin zuzena izango luke ikasleen aniztasunari eskaintzen zaion arretan. Kontseilariari askotan entzun izan diogun kontzeptua da hori, harrotasunez beterik botatzen duena, baina egiazki, beharrezko diren baliabideak jartzen ez diren bitartean, praktikara eraman ezin dena. Premia bereziak dituzten ikasleek hainbat espezialistaren (PTak, orientatzaileak…) laguntza erreal eta inklusiboa behar dute; arreta ia guztia halako gainzama duten hezkuntza-laguntzako espezialisten bizkar utziz gero, ezin da aurrera egin, eta hori da gaur egun gertatzen dena. Iritsi da ordua Departamentuak hainbatetan errepikatu dituen edukirik gabeko hitz hutsak alde batera utzi eta behingoz ikasleen aniztasunari behar bezalako erantzuna emateko.

Haur-eskoletan, arazoari adabakiak jarri nahi izan dizkiote hezkuntza indartzeko kontratazioetarako inbertsioa handituz. Baina ekimen hau ez da benetako irtenbidea, eta LABen uste dugu ez nahikoa dela. Egoera horrekin benetan amaitu nahi badute, Nafarroako haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen araudian ezarritako maximoak aldatzeko garaia da, duela urte asko zaharkitua eta beharrizan pedagogikoetatik eta eskolen egungo errealitatetik urrun dagoena. Irtenbidea unitate bakoitzeko haur kopurua murriztea da, eta ez espazio bakarrean helduen kopurua handitzea; horrek, gainera, ikastetxeetan bizi den masifikazio-sentsazioa areagotu egiten baitu .

Lanbide Heziketako zikloetan, ratioak sarrera berriko 20 ikaslerekin antolatzen dira, edo 25 ikaslerekin, sarbide berriko eta ikasturtea errepikatzen duten ikasleak batuz gero. Eta, taldea gutxienez 20 ikaslera iristen bada, irakaskuntza-ordutegian hainbat bikoizketa egingo dira, honako irizpide hauek betetzen badira: instrumentuak, tresnak, makinak eta materialak maneiatzea arriskutsua izatea; edo irakaskuntzan dentsitate handia eskatzen duten lanak egitea. LABen funtsezko ikusten ditugu bikoizketa horiek, eta prestakuntza-zikloak kategorizatzen dituen araudia eguneratu behar dela uste dugu. Horra iristeko bidean, ezinbestekoa iruditzen zaigu espezialitate bakoitzeko irakasleen arteko lankidetza egotea azterketa tekniko sakona egiteko orduan, bai bikoizketa egiteko eta bai berau sailkatzeko. Hori guztia honako funtsezko faktoreak kontuan hartuta gauzatu beharko litzateke: baliabidea martxan jartzeko gutxieneko ikasle kopurua egotea, eta modulu bakoitzerako bikoizketa orduak esleitzea; dela arriskugarritasunarengatik, dela zailtasunagatik.

Honetaz gain, etapa guztietako irakasleek pairatzen duten zama burokratikoa ere ezin dugu ahaztu, ikasleei behar bezalako zerbitzua emateko enegarren traba baita. Egun, baina bereziki LOMCE indarrean sartu eta ikastetxeetan lehenbailehen aplikatzeko agindua jaso genuenetik, irakasleek gero eta denbora gehiago eskaintzen diegu lan burokratikoei -nahiz eta askotan espedientea betetzeko baino ez izan-, eta gutxiago irakasle-lanean aritzeari. Ratioen jaitsierak, beraz, ikasleentzako zuzeneko arreta hobetzea ekarriko luke, nahiz eta egungo karga burokratiko handiegia mantendu.

Azkenik, LABek salatu nahi du irakaskuntzako eskola-orduak Rajoyren gobernuaren murrizketek ezarri zituztenak direla oraindik ere. Duela 2 ikasturte, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egoera hori aldatu zuela saldu zigun, baina egiazki irakasleok bi eskola-ordu gehiagorekin jarraitzen dugu (23+2 Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 18+2 Bigarren Hezkuntzan). LABek exijitzen du lanaldiko orduen leheneratzea benetakoa eta eraginkorra izan dadila, tranparik eta amarrurik gabe.

Horregatik guztiagatik, eta jaiotza-tasaren etengabeko beherakada kontuan hartuta, LABek unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako etapa guztietan ratioen benetako jaitsiera aldarrikatzen du, lanpostu guztiak mantentzen direla bermatuta -irakasleenak nahiz ez-irakasleenak-, aniztasunari benetako arreta eman ahal izateko eta irakasleek beren gain hartu behar dituzten zuzeneko irakaskuntza-lanak eta burokrazia-lanak bateragarriak izan daitezen. Azken batean, ratioen jaitsiera eraginkorra erreibindikatzen dugu, ikasle guztien premiak hezkuntza-sistemaren erdigunean jarriko dituen kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoa bermatzeko.

Jatorrizko informazioa Nafarroa Garaiko LABen webgunean.