Jaurlaritzaren utzikeriak eskolek ordain ez dezaten exijitzen dugu

641

Ikasturtea irailean hasi bazen ere, EAEko ikastetxeetan arazoak daude beharrezko lan batzuk aurrera eramateko, bajan dauden pertsonen ordezkapenak berandu egiten baitira, edo, kasu larrienetan, ez baitira betetzen. Hori dela eta LABetik ikatetxez ikastetxe, ordezkatzen ez diren lanpostuak agerian utzi eta salatzeko kanpaina bat abiatu dugu.

LABetik salatzen ari garen bezala, eskolak hasi eta hilabete baino gehiago pasa denean, ikastetxe batzuetan irakasle faltan edo garbiketa eta sukaldeko behar baino pertsonal gutxiagorekin daude. EAEko Hezkuntza Saileko kudeaketa kaotiko horren ondorioek ikasle eta familiei eskaintzen zaizkien hezkuntza- edo jangela-zerbitzuetan ahal den kalterik txikiena eragin dezaten, langileek lan-zama handiagoa jasaten dute.

Aurreko astean salatu genuen bezala, egoeraren larritasuna areagotzen da, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzekiko duten komunikazio-bideak askotan ez baitaude ongi antolatuta, eta horrek langileen ezinegona handitzen du.

Hori dela eta, eta betetzen ez diren ordezkapenak ikusgai jarri eta salatzeko asmoz, LABetik, ikastetxez ikastetxe, falta diren langileen zenbaketa islatzen duten kartelak jartzera animatzen zaituztegu. Horretarako, kartel-eredu hauek eskuragai dituzue, irudiaren gainean klikatuta, .pdf formatuan jeitsi ahal duzue.

LABen eskoletan bizi duzuen egoeraren bozgorailu izan nahi dugu. Eskoletako haserreak ez daitezen kafe makinan gelditu, gurekin harremanetan jarri eta egoeren berri ematera animatu nahi zaituztegu. Guk eskura ditugun eragin guneetan zuen kezkak aldarrikapen bihurtu daitezen.

Segi gogor eskoletan!