Jaurlaritzak ez du prebentzio-planik Hezkuntza Publikorako

399
[EAE, Irakaskuntza]

Eusko jaurlaritzako Hezkuntza saileko  publikako sektore arteko segurtasun eta osasun Batzordea batu da gaur, ia bi hilabeteko atzerapenarekin. LABetik apirilean eskatu genuen batzorde honen bilera, are gehiago kontuan hartuta, ikastetxeetan bi kolektibo etengabe lan presentziala egiten egon direla inolako trataera berezirik gabe: garbitzaileak eta zuzendaritza-taldeak.

Gaur egon den bilera bagenuen informazioa helarazteko baino ez da izan, eta berriz ere, itzulera-planaren kasuan gertatu den bezala, aldebakarrez hartutako neurriak azaltzeko. Bileraren helburu eza salatu dugu. Gainera salatu behar dugu ere  lan-osasun eta segurtasuna batzordea  izanda, ez dela prebentzio-zerbitzuko ordezkaririk  agertu bileran, eta  hainbat gai erantzun gabe geratu direla. Administrazioak ondo jakin beharko lukeen moduan, neurriak negoziatu eta adostu behar ditu prebentzio-delegatuekin eta kontingentzia-plan batean  eta jarduketa-protokoloan jaso behar dira. Halakorik egon ezean, Osalan eta Lan-ikuskaritzara joko dugu LAB sindikatutik.

LABetik behin eta berriz azaldu dugun bezala, Testak pandemia hau gelditzeko ezinbesteko tresnak dira, eta horregatik herritar guztioi egitea eskatzen dugu. Gobernuak birusari aurre egiteko planaren barruan langile guztioi testak egitea aurreikusi beharko luke eta, bereziki, zaurgarrienak direnei edo lehenengo lerroetan daudenei. Hezkuntzan, dudarik gabe, hilabete hauetan zehar ikastetxeetan lanean aritu diren garbitzaile eta zuzendaritza-taldeko kideez gain, lan presentzialera  itzuli behar  direnei  ere egitea exijitzen dugu. Era berean, EPIAk eta higiene-neurriez gain, antolaketari dagozkionak ere ezarri behar dira, eta horien inguruko prestakuntza teoriko-praktikoa eman.

Erkoreka bozeramaleak  prentsan esan duenaren arabera, dagoeneko desinfekzio-lanak egiten ari dira ikastetxeetan. Ez dugu adierazpen horiek baieztatzen duen informaziorik. Ez ditugu ezagutzen zeintzuk diren hartuko diren gainerako segurtasun-neurriak eta horrela adierazi dugu gaurko bilkuran. Esaterako, ez zaie inolako formakuntzarik eman garbiketako profesionalei nola aritu behar diren jakin dezaten; ez dute azaldu Heziketa Bereziko langileek hartu beharrekoak, kontuan hartuta oso kolektibo zaurgarriarekin lan egiten dutela, hurbilketa fisikoa eskatzen duena eta arau batzuk jarraitzeko zailtasunak izan ahal dituena; haurreskoletako hezitzaileek oraindik ere ez dute balizko itzulera baten inguruko planaren berri; ez dugu ere informazioarik ratioak jangelak, autobusak, komunak edo beste espazio askoren antolaketaren inguruan. Sukaldeak martxan jartzerakoan zeintzuk neurriak ezarriko diren ez dute zehaztu. Ez da inolako prestakuntzarik  eskaini segurtasunaren inguruan, ez irakasleei ezta gainerako langileei ere, eta LABetik mahai-gaineratu ditugun zalantza eta galdera gehienak erantzun barik geratu dira.

Baina gauza bat argi atera badugu bilera honetatik da presaka dabiltzala, inolako segurtasun juridikorik gabe (Madrilgo Errege Dekretuak ezartzen baitu ikastetxeen irekiera soilik garbiketa, administrazio  eta prestaketa lan batzuk egiteko, ez eskolak hasteko), prebentzio-planik gabe eta, ondorioz, langile eta ikasleen osasuna arriskuan jarriz. Beraz, argi dago ez direla ematen maiatzaren 18an ikastetxeetako ateak irekitzeko gutxieneko baldintzak.