Hezkuntza sailburuaren adierazpenen zuzenketa eta Haurreskoletarako itzulera atzeratzea eskatzen dugu

396
[EAE, Haurreskolak]

Eusko jaurlaritzak  aurkeztu  zuen ikasturte amaierako lehenengo  planean ez zen aipatzen haur hezkuntza; orain, aldiz, enpresetan langileen kontziliazioa errazte aldera Madriletik 0-6 etapako eskolak zabaltzeko asmoa azaldu denean, jakinarazi dute Haurreskolak Partzuergoa irekitzeko asmoa dutela, haur hezkuntzako lehenengo zikloa hezkuntza sistematik kanpo utziz eta duen lan hezitzailea gutxietsiz.

EAJk hezkuntza eragileei egindako bere ikasturte bukaerako planaren aurkezpenean erakutsi zuen zer den berarentzat 0-3 zikloa, hezkuntza-proiektuak baztertuz eta ireki nahi dituen gelen adin-tartea nahasiz, behin eta berriro soilik  0 eta urte 1eko gelak  zabalduko zituztela esan zuenean.

Gauzak horrela, Cristina Uriartek egin zituen adierazpenen zuzenketa eta haurreskoletan egiten den  lanaren aitortza publikoa, eta hurrengo ikasturterako burutu gabe dagoen matrikulazio epea zabaltzea  exijitu zituen LAB sindikatuak atzo burutu zen mahai negoziatzailean. Horrela egin ezean, Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua den Cristina Uriarteri dimisioa aurkeztea eskatuko dio LABek.

Bestalde, argi geratu zaigu maiatza bukaera edo ekainaren hasierako iragarri duten Haurreskolak Partzuergoko geletara itzultzeko baldintzarik ez dagoela, ez dagoelako prebentzio-planik eta ezinezkoa delako gaur egun Osasun sailak eskatzen dituen segurtasun- eta osasun-baldintzak bermatzea.

Argi dago baldintza hauetan zabaltzea izugarrizko arduragabekeria dela, langileon, haurren eta familien osasuna arriskuan jarriko litzakeelako. Beraz, itzulera hau atzeratzea eskatzen du LABek.