Jaurlaritza motz eta itxurakerian agertu da beste behin ere medioen aurrean. Neurririk adostu gabe eta hezkuntza komunitateak dituen beharrei entzungor eginez

495

(Hezkuntza EAE)

LABen iritziz, Hego Euskal Herriko gobernuek adierazitako  osasun- eta hezkuntza-neurriak ez dira nahikoa.

Hezkuntzan ikasturte-hasiera nolakoa izango den jendarte guztiaren ahotan egon eta kezka iturri nagusia izan da azkenaldian.LAB sindikatuak uste du Nafarroako zein EAEko Hezkuntza sailek aurkeztutako neurriak ez direla nahikoa Hego Euskal Herrian daukagun osasun krisiak are eta gehiago azeleratu duen hezkuntza krisiari erantzuteko: arrakala sozialak, kulturalak eta linguistikoak muturrera eraman ditu osasun krisiak; hezkuntzaren azpi-finantziazioak, ratio handiegiek, langile faltak eta ez egonkortasunaren ondorioek eztanda egin dute; zaintzen krisia, espazioen antolaketa eta eredu pedagogiko zaharkitua jendartearen begi bistan gelditu dira.

Gaurkoan, Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza Sailburuaren ordua izan da. Hezkuntza komunitatea hiru hilabetez ez-jakintasunean eta ziurgabetasun egoeran eduki eta gero, Hezkuntza arloan dauzkan eskuduntza mugatuak ere ez ditu baliatu eta hezkuntza ereduan zein osasun egoeran hobekuntza errealak, egiturakoak eta ez kosmetikoak planteatzeko aukerari muzin egin dio berriro ere. Ez du planteamendu berririk aurkeztu ikasturtea hasteko, ikasturte amaieran genuen egoerarekiko aurrerapausorik eman barik jarraitzen dugu.

Langileekin adostasunak

  • Sindikatuokin, hau da, “langileen ordezkariokin” ez du ikasturte hasieraren nolakotasuna, plangintza, protokoloak, prebentzio-planak eta hornikuntza adostu nahi izan. Aldebakartasunez eta era inprobisatuan hartzen ditu erabakiak Hezkuntza Sailak.

Ratioak

  • Osasun egoera eta kutsatze arriskua murrizteko zein ikasleen hezkuntza prozesua bermatzeko ezinbestekoa da  ratioen jaitsiera orokortu eta integral bat egitea. Ez du horretaz mintzatu nahi, egoera normalizatuan zeuden ratioei erreferentzia egiten die soilik:
  • Irakasle bat=10 umeko ratioa dagoela esatera ausartu da. Bere menpeko ikastetxeak ez al ditu ezagutzen?
    • Prentsaurrekoan, 2018an LABekin langile kolektibo guztietan lortutako akordioak baliatu nahi izan ditu irakurketa interesatua egiteko. Mobilizazio dinamika luze baten ondorioz lortutako  hobekuntzek behar pedagogikoei erantzuten badiete ere, bizi dugun egoera berri honetan neurri zabalagoak eskatzen ditu.
    • LABen ustez 15 ikasleko ratioa posible eta beharrezkoa da. Ezin ahaztu ere eskoletan lan egiten duten gainontzeko langileak. Garbiketa maiztasunak areagotzearen ondorioz etorri behar dira kontratazio berriak, edota laguntza bereziko espezialistek ere ratioak adosteko urgentzia dago. 0-3ko Haur Eskoletan oraindik ez dira egokitu neurri eta protokoloak zentroek dituzten beharretara.
    • Jangelek ere aparteko neurriak eskatzen dituzte langile eta ikasleen arteko oreka osasuntsua aurkitzeko. Gaur gaurkoz, Hezkuntza Sailak ez du neurririk proposatu zentzu honetan.

Langile hornikuntza

  • Langileen kontratazioa, planteamendu orokor bati lotuta egon behar da. Azterketa integrala behar du, ratioen jaitsiera eskatzen duena, etapaz etapa eta langileen kolektiboz-kolektibo; osasunagatik soilik ez, irizpide pedagogikoei erantzunez ere egin behar da. Gaur 1000 irakasle gehiago kontratatuko direla adierazi du Uriartek, inolako azalpenik gabe:
  • Hezkuntzako langileen hornikuntza prozesuak bukatu direnean aurkezten dute neurria. Ratioekin loturak sahiestu nahian eta kontrataziorako baldintzak ezarri gabe egin dute iragarpena.
    • Gaur ere, Sindikatuoi ez zaigu inolako diagnostikorik ezta proposamenik aurkeztu.

Covid osteko arrakalari aurre egiteko.

  • Covid-19ak hilabeteotan ikasleen hezkuntza prozesuan sortu dituen arrakala guztiei erantzuteko plan, protokolo eta proposamenik ez du Hezkuntza Sailak.
  •  
    • Irizpide pedagogikoei eta emozionalei erantzungo dion hezkuntza behar dugu, hezkuntza-prozesu, metodologia, aniztasunaren kudeaketa edo behar bereziei buruzko aipamenik ez da egin.
    • Euskararekin sorturiko arrakalari erantzungo dioten Plana eta baliabideak behar ditugu.
    • Arrakala teknologikoa eta sozioekonomikoa areagotu den ikastetxe eta ikasleentzat baliabide gehiago behar ditugu.
    • Curriculum egokitzapenetarako baliabide pertsonal eta pedagogikoak beharrezkoak dira.
  • Gaurko adierazpenek marketing itxura dute, benetako proposamena eskaini baino. Sindikatuok adierazitako mobilizazio dinamika baretzeko helburu hutsa dutela dirudi. Gaurko adierazpenek egoera berdin mantetzen dute, motz geratzen den irakasleen “balizko” kontratazio baten iragarkiarekin. Beraz, elkarrekin langile guztiok kalera ateratzeko arrazoiek mahai gainean jarraitzen dute.

LABetik argi esaten genuen ez genuela Covid-19aren aurreko eskola horretara itzuli nahi. Pandemia baliatu eta Hezkuntza sistema eta ereduan hobekuntzak eta aurrerapausoak emateko ordua dela azpimarratu nahi dugu berriro ere. Horregatik, eta ez soilik osasuna bermatzeko neurririk egokiena delako, kalitatezko hezkuntza eredu batean sakontzeko ordua da!

Madriletik datozen legeen gainetik, eraiki dezagun burujabetzaz bestelako eredu bat, eraiki dezagun Euskal Eskola Publiko Komunitarioa! Mobilizatzeko ordua da.