Itzulera seguru eta adostuaren alde mobilizatu gara EAEko hiriburuetan

64
EAE, Hezkuntza

EAEko Irakaskuntzako sindikatuok deituta, langile, ikasle eta familiak elkartu gara Gasteiz, Bilbo eta Donostian, Jaurlaritzari itzulera seguru eta adostua exijitzeko.

Hemen duzue irudi-galeria:

Ekitaldiaren amaieran irakurri dugu honako adierazpen hau:

“EAEko ikastetxe zein haur eskoletara aurrez aurreko irakaskuntzara itzuli garen honetan, Hezkuntzako langileok Hezkuntza Sailari nahikoa dela esateko mobilizatu gara gaur. Azpikontrataturiko garbitzaile, jangeletako zein garraioko langileak ere hemen gaude!

Pandemiak gure eskoletako jarduna eta aurrez aurreko irakaskuntza baldintzatu zuenetik, Hezkuntza Sailaren kudeaketa onartezina eta arduragabea izan dela salatu dugu. Inprobisazioa izan da nagusi, aldebakarreko eta adostu gabeko erabakiak hartu ditu eta bere ardurak ez ditu bete, ikastetxeek ardura osoa bere gain hartu behar izan dutelarik. Ikasturte hasiera honetan ere, uda osoan desagerturik egon ondoren, berdin jarraitu du, langile, ikasle zein familiengan etengabeko ziurgabetasuna sortuz. Berandu ibili da eta gainera ez ditu osasuna bermatzeko eta aurrez aurreko hezkuntza prozesua garatzeko baliabide gehigarriak jarri.

Hala ere, langile guztiok gure onena emanaz eta gure segurtasuna kolokan jarriz, antolakuntza aldetik ezinezkoa dena eginez, aurrez aurreko itzulera gauzatu genuen ikasturte bukaeran eta orain. Baliabiderik gabe, langile gehiago gabe, eraikin publikoak ezin baliatuta, ratioak aztertu eta jaitsi gabe, distantziak ezin mantenduz… Noiz arte egon behar dugu horrela?

Nahikoa dela esan eta kalera atera gara gaur, hezkuntzan ari garen langileokin batera ikasle zein familiak ere batuz. Eta halaxe egingo dugu Irailaren 15eko Greban ere. Urgentea da, aurrez aurreko eskola mantendu ahal izateko eta denon osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta horretarako neurri eraginkorrak planifikatu eta baliabide gehiagarriak jarri behar dira. Egoera epidemiologikoa kontuan izanik, eszenatoki ezberdinei erantzungo dion aurrikuspena eta baliabideak behar dira, hezkuntzarako  aukera berdintasuna bermatuz. Guk argi daukagu ez gaudela “normaltasun” egoeran, Hezkuntza Sailak argi al du?

Horregatik diogu, Hezkuntza Sailak ikastetxeetan neurriak, antolakuntza zein ikaskuntza prozesuak aurrera eramaten ditugun langileokin negoziatu eta adostu behar duela. Langile den-denekin, kolektiboz kolektibo eta hezkuntzako sare guztietarako. Langileak mesprezatzen ibili dira etengabe,  eta ez dira gurekin bildu gaur arte!

Berandu iritsi diren gaurko bileretan gainera, asmo adierazpenetatik haratago, zehaztasun eta baliabide aurreikuspen eta berme gutxi ikusi ditugu. Mobilizazioak geldiarazteko saiakera huts baten antz gehiago izan dute gaurko bilerek egoerak eskatzen duen planifikazio eta baliabide hornikuntza bat abian jartzeko negoziaketa prozesu eraginkor batena baino. 

Gure eskaerak argiak dira: langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen NBEak (EPIak) ikastetxeetan lehen bait lehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, gaur egun zientzia fikzioa dena; espaziorik ez dagoenez bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; curriculamaren egokitzapen eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz; egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak.

Beraz, berriro diogu, aurrez aurreko itzulera segurua adostu eta negoziatzeko urgentzia daukagu! Hezkuntza Sailari sindikatuokin interlokuzio bideak ireki eta negoziatzeko exijitzen diogu! Bitartean, langileon, ikasleen eta familien onurarako diren eskaerak borrokatzen jarraitzeko Irailaren 15ean ikastetxeak hustu eta kaleak betetzera goaz! Zabaldu dezagun greba  lau haizetara!

Ezin aipatu gabe utzi, mobilizazio eta greba egunerako atxikimendua eman diguten Ikasle mugimenduak, Gora Ikasleon Borroka, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza zein bertaratu diren Ikasle Abertzaleak.

GORA LANGILEON BORROKA!!!”