Itunen finantziaketa igo arren, Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk ez dute soldatak igo nahi

270

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin izandako negoziazio-mahaiaren 5. bileran ez da aurrerapausorik eman.
Gizarte-ekimeneko ikastetxeen negoziazio-mahaiaren laugarren saioan, LABen asmoa 2021eko soldata-igoerarako akordio batera iristea izan da, eta aurreko hitzarmenean 2021eko soldata igoera negoziatu gabe geratu baitzen. Akordioa ezinezkoa izan da, patronalek uko egin baitiote 2021erako edozein soldata-igoerari. Gainera, aurreko hitzarmenari zegokion soldata-igoera eta hitzarmenaren negoziazio berria baldintzatu nahi izan dituzte.
Egungo testuinguruan, 2021ean KPIa % 6,4koa izan zela eta 2022an uztailera arte %5,6ko KPIarekin aurkitzen garen honeta, patronalen jarrera ez da onargarria, inolaz ere. Gainera azkenengo 2 ikasturteko pandemian zehar egindako lana eta esfortzuaren ostean. Horrela ordaindu eta eskertzen digute proiektuak aurrera ateratzeko borondatez egindako lan guztia.
Bestalde, Kristau Eskolak dokumentu bat banatu du, negoziazioei begira duten ikuspuntua helarazteko; hezkuntza lege berriak finantziazio testuinguru ezezaguna, zentroen bideragarritasuna, jaiotza-tasaren murrizketa, galera ekonomikoak… ezer berririk ez. Duela 10 urte aurreko hitzarmenaren negoziazioari berriro ekin genionean planteatu ziguten egoera katastrofista bera.
Gainera, lanaldian malgutasun handiagoa eskatzen digute, langile eta ratio berberekin lan- karga gehiagori aurre egiteko. Horri etorkizuneko erronkak deitzen diote. Era berean, aurreko ikasturtean Hezkuntza Sailak egin zuen bezala (ikasturte honetan bertan behera utzi dute legez kanpokoa zelako), seme-alabak eta senitartekoak zaintzeko lanaldi-murrizketen edota eszedentzien arloko eskubideen murrizketa bat ere iradoki dute.
Eztabaida luzea izan da, baina patronalen argudioak oso gutxi izan dira 2021ean soldatak igo nahi ez izatea justifikatzeko, negoziazio mahaia blokeatzera iritsi arte momentu batzuetan.
Egoera horren aurrean, alde sindikaletik, beste behin ere, negoziazioa aurrera jarraitu ahal izateko negoziatzeko metodologia birplanteatu dugu, eta hiru bilera proposatu ditugu abendura arte, Lehenengo bietan, sindikatuok Patronalei aldarrikapenei buruz dituzten zalantzak argitzeko izango dira eta hirugarrengoa sindikatuok egindako eskaerei Patronalek erantzun bat emateko. Hitza eman dute.
LAB sindikatutik jarraituko dugu lanean langile guztion lan baldintzak hobetzeko.

1.-INFO.-5.-MAHAI-NEGOZIATZAILEA