Irizpide itxiekin eta baliabide gehigarri eskasekin etorri da EAEko Hezkuntza Saila

350

(EAE, Hezkuntza, Hezkuntza Publiko, Gizarte Ekimenekoa,Ikastolak)

Sindikatuok aurrez aurreko itzulera seguru eta adostu baterako eskatzen genuen negoziaziotik urrun, gaurkoa informazioa jasotzeko bilera izan da

EAEko Hezkuntzako bost sindikatuok Covid19ak sortutako egoeraren aurrean, Hezkuntza Sailarekin aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko planifikazio orokorrerako bilera bat eskatu dugu maiatzetik, bilera horren helburua planifikazio horretarako irizpide objektibo batzuk ezarri eta beharrezkoak diren baliabide gehigarriak negoziatzea zen. Gaur administrazioko irakasleen mahai sektoriala deituz gauzatutzat eman dutena.

Mobilizazio eta greba dinamikaren ondorioz etorri den bilera honetan, Hezkuntza Sailak aldebakarreko jarrerarekin jarraitu du, itxita dauden irizpide batzuen araberako kontratazio gehigarriak planteatu ditu ikastetxe publikoetarako, Covid19ak sortutako egoerari aurre egiteko ez nahikoak diren 669 irakasle gehiago. Egungo hezkuntza sistema hobetzeko balio ez duen neurria da beraz, partxeoa.

LAB Sindikatutik kezkaz bizi dugu bileran azaldutakoa eta horregatik hainbat proposamen egin ditugu bileran bertan:

Aurrez aurreko hezkuntza eta elikadura bermatzea ezinbestekoak dira etapa guztietan. Horretarako halabeharrez beharrezkoak dira neurri eta baliabide gehigarriak, ez soilik apurrak. Osasun eta segurtasun irizpideak kontuan izateaz gain, ikasleen hezkuntza prozesuetan arreta jartzea lehentasunezkoa da.

✅ Irizpide objektibo batzuk behar ditugu hezkuntzako sare guztietan aplikatzeko. Itundutako ikastetxeei emango zaizkien baliabideek irizpide horiek jarraitu behar dituzte eta langileon ordezkari garen aldetik gurekin ere negoziatu behar dituzte; diru publikoaren kontrola egitea beharrezkoa dugu, nahieran eman ez dadin.

✅ Sailak ezarritako irizpideetako batek ikastetxeetan tamainari egiten dio erreferentzia eta “ohiko” egoeran dauden ratioen bataz bestekoa hartzen du erreferentziatzat. Ez-ohiko ratioak dira lehentasunez adostu eta negoziatu beharrekoak, eta horren arabera plantillak handitu.

Irakasleetan etapaz-etapa jaitsi egin behar dira ratio hauek, gehienez ere 15ekoak izanik (haur hezkuntzako lehen zikloan txikiagoak). Sektorez sektore deituko diren mahaietan ez-ohiko ratio horiek ere adostu eta behar diren baliabideen azterketa egin behar da. Jakinda ratioek hezkuntzaren kalitatean duten garrantzia pandemia gainditu ondoren jaitsiera mantendu beharko litzateke.

✅ Feminizatutako sukaldari eta garbitzaileen kontratazioan eta lan baldintzetan prekarizazioarekin bukatzeko exijitu dugu. Heziketa bereziko kolektibo bakoitzaren beharrei eta Haurreskolak Partzuergoko egoera bereziari erantzuteko premia azaldu dugu.

✅ Irizpide gisa bestelako eraikin publikoen erabilera arautu eta adostea jaso behar da, dagokion instituzio publikoekin elkarlanean.

✅ Konplexutasun handiko ikastetxeak identifikatzeaz gain, irizpide gisa euskarako konpetentzia baxuagoa daukaten ikastetxeak identifikatu eta euskara indartzeko baliabide pertsonal gehigarriak jartzea planteatu dugu.

✅ Formazioan inbertitzea eskatu dugu hurrengo arloetan: euskarari dagokionean, metodologia aktiboetan eta langileen gaitasun digitaletan.

✅ Ikastetxeetako Covid19 arduradunentzat lan-orduak baliatzea, edota ikastetxeetan Covid19 arduradunak bermatu daitezen indargarriak ezartzea.

✅ Norberaren Babeserako Ekipamendu eta protokoloei buruzko jarraipena egiteko Lan Osasuneko Eta Segurtasuneko Batzordea lehenbailehen deitzea.

Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean arrakala guztiak (akademikoak, sozioekonomikoak, linguistikoak, kulturalak, generokoak) gainditzeko neurri zehatzak

LAB Sindikatuak, planifikazio egoki baterako beharrezkoak diren irizpide eta baliabide gehigarriak borrokatzen jarraituko du, eta hala egingo du ere, hezkuntzako langileon sektorez sektore ere. Argi daukagu gaur aurkeztu dizkiguten apurrak, ikastetxeetara iristen hasiko diren baliabide urriak edota gaurko bilera bera mobilizazioaren ondorioz heldu direla.

Aurrera begira ere, gainerako sindikatuekin batera ikastetxez ikastetxe eta kolektiboz kolektibo borrokan jarraituko dugu, aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko urratsak ematen, langileoi dagokiguna exijitzen eta Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean arrakala guztiak (akademikoak, sozioekonomikoak, linguistikoak, kulturalak, genero mailakoak) gainditzeko neurri zehatzak proposatuz.