Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea, doakotasuna eta EAEko Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen du LABek

547

(EAE, Haurreskolak)

LAB Sindikatuak salatu nahi du eremu pribatuko 0-3ko eskolentzat Jaurlaritzak ikasturterako diru-laguntzak argitaratu dituela, oraindik ere Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua zehaztu gabe dagoenean.

Langileen eskaeren aurrean, Haurreskolak Partzuergoko gerenteak hartutako erabakiak justifikatzeko, publikoa den Partzuergoak aurrekontu mugatua etengabean erabiltzen duen bitartean, Jaurlaritzak haur eskola pribatuentzako diru-laguntzak argitaratu ditu. Izan ere, oraindik ez dakigu Haurreskolak Partzuergoak duen kontingentzia plana, hedapena eta doakotasunari aurre egiteko inbertsioa handitzeko asmorik duen EAEko gobernu berriak.

Bestalde, lotsagarria iruditzen zaigu haur hezkuntzako lehenengo zikloaren inguruan hitz egitean administrazioak egiten duen erabilera interesatua. Eskola pribatuaz ari denean 0urtetik 3 urterako zikloaz hitz egiten du; publikoa den Haurreskolak Partzuergoren inguruan ari denean, aldiz, 0 urtetik 2 urterako ikasgelez mintzo da, publikoan zikloa bitan zatituz. Antolakuntza honek hezkuntza proiektuan eta pedagogian eragiten du guztiz, eredu zurrunagoak ezarriz gure ikasleei.

Horrez gain, berriro ere salatu nahi dugu eskola pribatuei ematen zaien diru publikoaren kontrol falta eta hezkuntza proiektuen jarraipen eza. Era berean, 2018ko udaberrian Legebiltzarrak Jaurlaritzari Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunerantz urratsak ematea eskatu ziola-eta, LABek norabide horretan behingoz behin betiko urratsa ematea eskatzen du.

Gauzak horrela, LAB Sindikatuak Haurreskolak Partzuergoa, administraziopeko 0-3 ziklo euskalduna, doakoa, unibertsala eta kalitatekoa, Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen du Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraiki bidean.