Gaur, maiatzak 22, mahai negoziatzailea izan dugu, maiatzaren 9an sinatutako akordioaz geroztik lehenengoa. Mahaiaren helburua sinatu berri dugun akordioa ezartzeko sor zitezkeen zalantzak argitzea bazen ere, 2025-26 ikasturterako Lanpostuen Zerrendak (LPZ) izan dira eztabaidagai nagusia
LABentzat urtarrilean abiatutako borroka fasearen helburua hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetzea izan da. Zentzu horretan, akordioetara heltzeko ezinbestekoa izan da ikastetxeak baliabidez hornitu eta lan zama arintzea, eta horrela izan da. Izan ere, hobekuntza nabariak egon dira. Nahiz eta adostutako neurri eta baliabide guztiak txertatzeko 2028 arteko epea izan, dagoenekoz lizentziak eta baimenak txertatu dira eta hainbat neurri 2025-26 ikasturtean bertan ezarri beharrekoak dira; esaterako, gazteberritze plana, ordezko irakasleen udako kobraketa, bitarteko irakasleak karrerako funtzionarioekin parekatzea, ordu lektiboen murrizketa edota baliabideak gehitzea.
Baliabideei dagokionez 2025-26 ikasturtean, euskara indartzeko ordu kreditu gehigarriak eta ratio berriak ezarri (HIPI eta EUSLE), hizkuntza proiektuetarako koordinatzaileak txertatu (gutxienez 10 ikastetxetako pilotajea) eta aniztasunari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak (aholkulari, orientatzaile eta Pedagogia Terapeutikoetan) jarri behar ditu Sailak.
Bestalde, lan zametan, egun irakasleek egiten dituzten lan burokratikoak arintzeko neurriak hartzeaz gain, ordu lektiboen jaitsiera lortu da. Datorren ikasturteari begira Haur eta Lehen Hezkuntzan 22 ikastordutara murriztea jasotzen da akordioan, baita Bigarren Hezkuntzan gehienez 17 ordu izatea Hedatze barne.
Sinatutakoari esker, ehunka lanpostu sortzeaz gain, lan zamak arindu eta zerbitzuaren kalitatean hobetzea eragin behar du. Hezkuntza Sailak medioetan behin eta berriz hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideak ipiniko dituela goraipatu arren, ez ditu horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitartekoak aplikatu gaur gaurkoz.
Beraz, LABek Hezkuntza Sailari sinatutako akordioa bete dezan exijitzen dio lehenbailehen. Akordioa bete ezean, bide guztiak aktibatuko ditu, izan juridikoa zein mobilizatzailea. Era berean, sinatzaileak garen sindikatuekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazten du LABek.
INFO_2025-05-22