Gaur, uztailaren 4an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleen mahai negoziatzailea izan dugu, aste honetan Hezkuntza Sailarekin izandako bigarren bilera. Bertan, ordezko irakasleen araudia, hitzarmenaren erredakzioaren zuzenketak, gazteberritze planaren ebazpena eta administrazioan lanpostuak sortzeaz aritu gara, besteak beste.
· Ordezko irakasleen araudia
LABek ordezko irakasleen lan baldintzak erdigunean jarri ditu negoziaketa hasi zenetik, eta bide horretan lanean aritu gara ekarpenak eginez. Hezkuntza Sailak hainbat ekarpen onartu ditu, esaterako:
– Ordezkapenaren jardunaldia aldatzean edo 10 eguneko epean ordezkapen berdina sortzen denean ordezko irakasleek derrigortasunik ez izatea lanpostuan jarraitzeko
– Egoera babestuan dauden irakasleek udako ordainketa sortzea.
– Udara honetan ordezkoak diren irakasleek puntuatuko dute 165 egun lan egin dutenek.
Hala ere, LABek lanean jarraituko du ordezkoen araudia hobetuko duen ekarpenak egiten.
· Hitzarmenaren zuzenketak eta gazteberritze plana
Hitzarmenaren erredakzioan zuzenketei dagokionez, LABek egindako ekarpenei esker ekainean argitaratutako Gazteberritze-planaren ebazpena aldatzea eragin du. Orain arte ez bezala;
– Haur eta Lehen Hezkuntzan 59 urte betetzen diren egunean jardunaldia murriztu ahal izango da irailera itxaron gabe eta borondatezko edo nahitaezko erretiro adinera bitarte disfrutatu ahal izango dute
– Gainontzeko etapetan 60 urte betetzen dituzten egunetik murriztu ahal izango da jardunaldia.
– Metatutako aukera hautatzen duten irakasleek, aldiz, borondatezko edo nahitaezko erretiro adinera bitarte sortuko dute erretiroa aurreratzeko lizentzia.
Beraz, maiatzaren 9an sinatutako akordioari esker, metatutako aukera hartzen duten irakasleek 18 hilabetez aurreratu ahal izango dute eskola jardunaren amaiera.
Era berean, jardunaldia murriztea aukeratzen duten irakasleek ez dute hilabeterik galduko.
· Administrazioko lanpostuen sorrera
Hezkuntza Sailari eragiten dioten administrazio orokorreko 32 lanpostu berri sortuko dira hornikuntzan eta lan-harremanetan arituko direnak. LABek zerbitzua hobetuko duten lanpostuak sortzea begi onez ikusten du. Era berean, prebentzio zerbitzua indartzea eta lanpostuak sortzea exijitzen diogu admnistrazioari.
· Plangintza Batzorde Tekniko
Arestian aipatu bezala, aste honetako bigarren bilera izan dugu. Izan ere, uztailaren 1ean Plangintza Batzorde Teknikoa ere izan genuen. Bertan, etapa guztietan 2025-26 ikasturtean ikastetxe bakoitzean Lanpostu-Zerrendan egongo diren irakasle kopuruak jaso genituen. Akordioa bere osotasunean bete ez arren, Haur eta Lehen Hezkuntzan 54 talde gutxiago izanik 193 lanpostu berri sortu dira datorren ikasturterako; Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, 150 talde gehiagorekin 571 irakasle gehiago arituko dira.
Maiatzaren 9an adostutako akordioan aniztasunari erantzuteko, euskara indartzeko, hezkidetzan aurrera-urratsak emateko edota lan zama arintzeko neurriak jaso ziren. Hezkuntza Sailak 2028 bitarte ikasturte bakoitzean adostutako irizpideak ezartzeko epea izan arren, 2025-26an euskara indartzeko neurri eta irizpideak edota etapa guztietan eskola-ordu baten murrizketa gauzatu behar dira, besteak beste. Hezkuntza Sailak, beraz, zuzeneko arretarako eskola-ordu bakoitzaren ondorioz lanpostuak txertatu eta ikastetxeak baliabide pertsonalez hornitu behar ditu. Alta, Hezkuntza Sailak, beste behin ere, alde bakarrez erabakita eta akordioan jasotakoaren gainetik, ikastetxeen beharrei erantzungo ez dieten irizpideak ezarri ditu.
Gauzak horrela, greba eta mobilizazioei esker gehiengo sindikalarekin lortutako hitzarmena determinazio berdinarekin defendatzen jarraituko du LABek. Eta Hezkuntza Sailak akordioa bete ezean, LABek ekainean hasitako bide mobilizatzailearekin jarraitzeko deia luzatzen die akordioa sinatu zuten gainontzeko sindikatuei.
INFO-2025-07-04