Irakasleak EAE: Akordio arautzailearen edukia bihurritzen eta erabakiak alde bakarrez hartzen ari da Hezkuntza Saila

617

Akordiora iristeko ezinbestekoak izan dira grebak eta mobilizazioak, eta, Hezkuntza Sailak adostutakoa bete ezean, mobilizazioetara jotzeko determinazioa du LABek.

LABek maiatzaren 9an sinatutako akordioa bere osotasunean bete dadin exijitu dio, beste behin ere, Hezkuntza Sailari. Haur eta Lehen Hezkuntzan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jaiotze-tasaren beherakadaren ondorioz 77 talde gutxiago izan arren, 177 baliabide oso izango dituzte. Hala ere, Lanpostuen Zerrendak osatzerako garaian ikastetxeek ez dituzte adostutako baliabide guztiak jaso.

Ohikoa izaten da ikastetxeek ikasturtero Lanpostuen Zerrenden gaineko alegazioak egin behar izatea, baina Hezkuntza Sailak ez ditu 2025-26 ikasturterako aplikatu beharreko irizpideak ezarri, eta alegazioak ez ditu zuzendu. Zuzendaritza taldeetan urduritasuna eta presioa sortu ditu sailaren jarrerak, informazio okerra eman eta presioa eragin baitu. Era berean, akordioaren gaineko interpretazio berria egin eta alde bakarrez hartu ditu erabakiak.

Akordioan jaso diren neurriei esker, urrats sendo bat egin da, LABen ustez, hezkuntza publikoa indartzeko eta hezkuntza kalitatea hobetzeko. Zentzu horretan, gazteberritze-planari esker erretiro adina 18 hilabete aurreratu ahal izango dute irakasleek; behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatzean klaustroak egonkortuko dira; ordezkoak diren irakasleek udako kobraketa berreskuratuko dute euskara indartzeko, aniztasunari erantzuteko edota hezkidetzan aurrera-urratsak emateko baliabideak ezarriko dira; eta, lan zamak arintzeko, eskola-orduak murriztuko dira etapa guztietan. Hala ere, Hezkuntza Sailak ez ditu zerbitzua hobetuko duten eta akordioan jasotzen diren neurri guztiak ezarri.

Izan ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako lan-zama arintzeari dagokionez, irakasle bakoitzaren eskola-orduen murrizketak lanpostuak sortu eta ikastetxeak baliabide pertsonalez hornitu behar dituela adierazi izan du LABek. Alta, Hezkuntza Sailak, beste behin ere, alde bakarrez erabakita eta akordioan jasotakoaren gainetik, ikastetxeen beharrei erantzungo ez dieten irizpideak ezarri ditu.

Bestalde, Bigarren Hezkuntzan ere Hezkuntza Sailak alde bakarrez hartutako erabakiengatik, murriztu beharreko eskola-ordu bakoitzak ez du sortu beharreko lanpostuak sortuko. Are gehiago, hainbat ikastetxek HEDATZE programaren bitartez ikas-prozesuan zailtasunak dituzten ikasleentzat eskolak ematen dituzte, eta irakasleen gehieneko 17 eskola-orduren barnean jaso behar dira horiek, akordio berriari esker. Sailak, ordea, beste behin ere, alde bakarrez ezarri du akordioan jasotzen ez den irizpide bat.

Azkenik, Lanbide Heziketan, adostutako irizpideen kontra, ahoz adierazi zaie zuzendariei eskola-orduak gehieneko 17 orduetatik gora ixtea. Era berean, aholkulariak ez dira ezarri akordioan jasotzen diren irizpideen arabera, eta Oinarrizko Lanbide Heziketan tailerretako laguntza ez zaie esleitu.

Lehendakaria izendatua izan zeneko urteurrenean, sindikatuak gogorarazi du elkarrizketarako eta kontsentsurako mezua zabaldu bazuen ere, erabakiak alde bakarrez hartzen jarraitzen duela. Era berean, akordioetara iristeko ezinbestekoa izan dira greba eta mobilizazioetan irakasleek erakutsitako konpromiso eta indarra. Beraz, LABek determinazio berdinarekin jarraituko du borrokan, adostutakoa bete dadin.

INFO-2025-06-24