[EAE, Hezkuntza, EPE]
Jakin berri dugu, interinoen finkotasuna eskatzen ari den abokatuak pauso berri bat eman nahi duela, irakaskuntzako hautaketa prozesuaren (bigarren hezkuntzako EPE deialdia) suspentsioa hain zuzen ere. AIFFLE taldearen bidez (Asociación de Interinos en fraude de Ley de Euskadi).
Bere garaian esan genuen bezala, eskaera hauek ez dute oinarririk. Izatez, gaur da eguna epaitegi batek ere, ezta Europak ere, ez diela onartu behin eta berriro eskatzen ari diren finkotasuna. Beraz, suspentsioa eskatzeari dagokionez, abokatuaren onura ekonomikoaz aparte, ez diogu zentzu legalik ikusten. Are gehiago, erantzukizun falta handia iruditzen zaigu, horrenbeste jenderen asmo eta esfortzuarekin jolasten ibiltzea.
LAB sindikatuak argi du interinoen aferari irtenbide kolektiboak bilatu behar zaizkiola. Eta horretan ari da, egonkortasunerako eta lanpostuen kontsolidaziorako bide orriak marraztuz eta borroka sindikalaren bitartez gaia mahai gaineratuz. Horregatik, EAE zein Nafarroan burutzen diren deialdi guztietan langileen egonkortasun eskubideak defendatzean berresten gara.
Interinoen kontratazioei dagokienez, oinarrizkoa da martxoaren 19an Europako auzitegietan eman zen epaiaren irakurketa egitea:
- Interinoen kaleratzearen ondoriozko kalte ordainen eskarirako bidea aztertzen ari gara. Baina azpimarratu beharra dago bidea luzea eta nahasia dela, eta ez dela onargarria langileon itxaropenaren kontura abokatu talde batek etekinak bilatzea. Haurreskoletako langileekin jada burutu genuen bidea da, eta langileentzat kalte ordain nabarmenak lortu genituen. Beraz, LABen gaia ez da berria.
- Argi dago oposizio eredu zaharkitu eta diskriminatzaile bat ezin dela izan lanpostuak egonkortzeko bidea. Gasteiz eta Iruñeako gobernuek dagokien erantzukizunez jokatzeko unea aspaldi heldu zen, eta osatu nahi dugun hezkuntza ereduaren aurrean ez zaizkigu balekoak iruditzen Madrilen aitzakia pean asmatzen dituzten “argudioak”.
LAB sindikatua suspentsioaren aurka agertuko da sartzen dituen helegiteetan. Beraz, beti lez, gure afiliazioaren eskubideen defentsa eramango dugu aurrera.