Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako mahaitik altxatu gara inposaketa eta negoziazio kolektiboaren urraketa salatuz

363

Gaur goizean Hezkuntza Sailak deituriko Sukalde eta Garbiketako merezimendu-lehiaketaren oinarrien inguruko mahaitik altxatu gara, inposaketa bidea aukeratu baitu Administrazioak, edozein negoziaziorako bidea itxiz.

EAEko Hezkunzta Sailak aurreko asteazkenean Hezkuntza saileko Sukaldeko eta garbiketako  langileen merezimendu-lehiaketaren oinarrien behin-betiko proposamena bidali zigun eta gaurko mahai-negoziatzailean ez direla oinarriak negoziatuko adierazi. Aurkeztutako oinarriak aplikatzeko akordioa sinatzeko prest gauden ala ez galdetu zaigu, langileen ordezkarien onespena eta sinadura  lortu ezean hasierako proposamenean aurkeztutako oinarriak aplikatuko direla esanez.

Aurkeztu dizkiguten oinarrietan LAB sindikatuaren ekarpenak ez dira jaso,  idatziz eta egin den negoziazio mahai bakarrean egindakoak, alegia LABetik irakurketa orokorra egiteaz gain ekarpenak bidali genituen, hala nola, 2002an egin zen azkenengo lan eskaintza publikoa eta ugari dira 20 urte baino gehiago lan eginda behin-behineko egoeran jubilatzen ari diren langileak edota 60 urte baino gehiagorekin meritu-lehiaketa honi aurre egin behar diotenak.

LABetik ekarpenak aurkezteko orduan, batetik, kontuan hartu genituen plazen ezaugarriak, titulazio eta euskara perfilik gabekoak direla; eta bestetik, kolektiboan ari diren langileen ezaugarriak, kolektibo feminizatua, adinekoa eta urte asko lanean jardun duena. Hori dela eta, behin-betiko oinarriak aurkeztuta LABek hurrengoa adierazten du:

  • Jaurlaritzaren Funtzio Publikoak inposatutako irizpideak ez dira gaindituko, lan esperientzia 100 puntutik 60 puntutara mugatu du. Borondate politikoa izanez gero, lan-esperientzia 90 puntu artekoa izan liteke.
  • Legez gauzatu daiteken %10eko plaza kopuruaren eskaintza igoera ez da egikarituko.
  • 60 urte baino gehiago duten langileei zuzendutako salbuespeneko neurrien LABen proposamena ez dute kontuan hartu.
  • Langileek urteetan zehar egin duten etengabeko formakuntza, euskara profilak edota konpetentzia profesionalen ziurtagiriak ateratzeko esfortzua ez saritzea erabaki dute.
  • Ez zaigu aurkeztu prozesu honekin lotuta egiteko eskatu dugun lanpostuen zerrenda, plazen identifikazioa edota lekualdatze lehiaketa   kronologia.

Gauzak horrela harrigarria iruditzen zaigu ELA, UGT eta CCOO sindikatuen sinadura, Hezkuntza Sailak inposatutako irizpideak onartzen dituena bestelako administrazioetako meritu-lehiaketen oinarriak oso ezberdinak diren irizpideen baitan negoziatu direla dakigunean eta negoziazio kolektiboa ukatzen zaigunean.

Bide batez, salatu nahi dugu sindikatu hauek direla lan-hitzarmen berri baten negoziazioa eta ordezkagunea martxan jartzea blokeatuta dutenak.

Sukalde eta Garbiketako kontsolidazio deialdia negoziatzeko deialdia aldarrikatu genuen Jarularitzak BIldon duen egoitzaren aurrean.