Dakizuen bezala, esleipen prozesua hasi da.
Lehenengo fasean, ekainean, Berritzeguneetara atxikitutako langileek hartuko dute parte. Berritzegunetako adostasun bilerak izan beharrean, aurten telematikoak izango dira eta bi zatitan banatuko dira: Finkoak (aurretik finkoak direnak eta merezimendu lehiaketan finkatudirenak) eta bakantedunak (merezimendu lehiaketan eskaini ez diren lanpostuetan dauden hezitzaileak).
Bigarren fasea, COCUa, uztailean izango da.
Atzo, ekainak 2, finko eta bakantedunen ikastetxeen esleipen telematikoa hasi zen. Esleipena hasieratik egon da akatsez josita; Hezkuntzak parte hartzaileen zerrendak gaizki argitaratu zituen eta horren jakitun bazen ere, Sailak aldebakarrez erabaki zuen ez zituela langileentzako hain garrantzitsuak diren zerrenda hauek ofizioz zuzendukoeta langile bakoitzak bere kabuz erreklamazioa egin behar zuela adierazi zigun.
Horrez gain, behin esleipen prozesua egiten hasita, aplikatiboan ere akats dezente egon dira: parte hartzeko ezintasuna, batzuei, sistemak langile horiei ez dagokien aukeraketa egiteko aukera ematea eta horrek sortzen duen nahastea… Esleipenetako prozesu bakoitzean etengabe akatsak egotea onartezina da.
LABetik, urte hasieratik eta egoera aurreikusita, behin eta berriz ekarpenak egin dizkiogu administrazioari prozesua berme guztiekin, eta gardentasunez egiteko. Hala nola, esleipen irizpide berriak sortzeko eskatu genuen eta hori ezin dela egin erantzun zigutenean, 2019ko irizpideak aldatzeko eskaerak egin genituen.
Administrazioak esan zigun bakarra, gure proposamenak ezin zirela gauzatu eta esleipenak egiteko aplikatiboan irizpideak aldatzeko denborarik ez zutela izan zen. Berritzegune zein kolektiboko antzinatasunarekin gerta zitezkeen arazoak aurreikusita, irizpide horietan zegoen batasun falta konpontzeko eta zuzenketak ofizioz egiteko eskatu genuen eta hori gertatu ez zenez, sortu diren gatazken aurrean proposamenak egin ditugu etengabe, hala nola, berritzegune antzinatasuna bertan hasitako eta etengabe emandako denbora guztia kontatzea eta kolektiboan antzinatasuna langile hasi zen egunetik lanean eman dituen egun guztiak kontutan izatea. Informatikoki nahiz baliabide pertsonalei dagokionez denborarik ez dutela (guk hilabeteak daramatzagunean hau adierazten) izan da beraien erantzuna une oro.
Uste dugu, aukera hori galtzen utzi duela administrazioak langileon artean urduritasuna, egonezina eta haserreak sortuz.
Gauzak horrela, beste behin ere, Hezkuntza Sailaren utzikeria salatu behar dugu: onartezina da Lan-legepeko Hezitzaileen merezimendu lehiaketan izandako gorabehera eta akats ugarien ostean, ikastetxeen esleipen telematikoa akatsez eta administrazioak aldebakarrez hartutako erabakiez josita egotea.
Gauzak horrela, arazoak lehenbailehen konpontzeko exijitu diogu administrazioari.
Bestalde, bihar ordezkoen araudia eta zentroko atxikipenaren antolaketarekin mahai negoziatzailea deitu du admistrazioak. LABetik premiaz gai hauen negoziazioa abiatu behar dela mahaigaineratu dugu:
- Baliabideak esleitzeko irizpideen negoziazioa eta bakante erdiak osora pasatzeko plana
Beste alde batetik, zuzenketak eta mahaira ekartzea eskatu dugu:
- Aniztasun departamendutik eskoletara bidalitako ordutegien inguruko dokumentua, eta administrazioak aldebakarrez egindakoa, bertan behera uztea eskatu dugu, lan hitzarmenaren interpretazioa egiten da bertan eta mahai parekideari dagokio hori egitea.