Hego Euskal Herriko irakasleon kontsolidazioa eta Iruñea zein Gasteizeko gobernuen erantzukizuna

515

LAB sindikatuan jakin dugunez, gaur azaroak 25, burutu da Madrileko Hezkuntza ministerioaren eta Espainiar Estatuko autonomi erkidegoetako ordezkarien arteko bilera. Bilera horretan nagusiki bitarteko funtzionarioen egonkortzeaz jardun dutelarik, LAB sindikatuak ondorengo hiru puntuetan soluzioak ekar ditzaten eskatzen diegu Gasteiz eta Iruñeako hezkuntza sailei:

  1. Hemen lan hemen erabaki
    Amaitu beharra dago gure herrian zenbat lanpostu behin betikotu dezakegun Madrileko alderdi politikoen arteko eztabaida eta joko politikoari lotuta egoteari. Tresnak behar ditugu birjarpen tasak gainditu ahal izateko. Kontrakorik ezean nekez gaindituko baitugu dugun interinitate maila.
  2. Kontsolidazio prozesuei bide eman
    Eskoletan bizi dugun ezegonkortasunarekin amaitzeko ezinbesteko neurria da. Ez soilik Europak edo auzitegiek diotenagatik, baita hezkuntza komunitateak eta bereziki langileok bizi dugun ziurgabetasun egoeragatik. %8 gaindituko ez duen interinitate tasara heltzeko neurriak urgentziaz hartu behar dituzte administrazioek.
    Gobernu ezberdinen utzikeriak sortu du bizi dugun interinitate maila, eta horregatik premiazkoa da ohikoa beharko ez lukeen egoera zuzentzeko ezohiko neurriak hartu ahal izatea. Hau da, urteetan langile finkorik gabe bete diren lanpostuetan, langileak egonkortzeko mekanismoak adostu behar dira. Langileen merituak kontuan hartuz, irakasleak lanpostuetan kontsolidatuz (urteetan irakaskuntzan izandako lan antzinatasuna kontutan hartuz).
  3. Oposizioak eta sistemara sarbidea
    LABetik nekaezinak gara EPE ereduak berriztu eta egokitu behar direla diogunean. Garrantzitsuegia da gure herriko haur eta ikasleak nork heziko dituen hautatzea, zer eta hautaketa prozesu anakronikoetan oinarritzeko. Garaia da eskola eta langileon beharrak erdigunean kokatuz, hautaketa prozesuak adosteko.
    Are gehiago urteetan hezkuntza sisteman jardun duten langileei dagokienez. Izan ere, urte luzeetako antzinatasuna duten irakasleak ohiko prozeduretan parte hartzetik salbuetsi beharko liratekeela deritzogu, beharrezkoak diren salbuespenak negoziatuz. Hamarkadetako jarduna badelako nahikoa berme eta EPE eredu honek bereziki kaltetzen dituelako!
INFOA-211125-kontsolidazioa