32. artikulua
1.- Seme-alaben jaiotza, adopzio edo harreragatiko baimenaren kasuan, Hitzarmen honen eraginpeko langileei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko mahai orokorrean adostutakoa aplikatuko zaie.
Nolanahi ere, lizentzia eta baimen hauek emango dira, gutxieneko baldintza eta guzti:
a) gurasoentzat jaiotzagatiko lizentzia, legeak aurreikusten dituen aste kopurua gehi bi aste gehiago, eta erditzearen ondorengo sei asteak nahitaez eta etenik gabe eta lanaldi osoan hartu beharko dira. Lizentzia hori bi aste gehiago luzatuko da semeak edo alabak aniztasun funtzional fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badu, eta bigarrenetik aurrerako seme edo alaba bakoitzeko, erditze multiplearen kasuan, bat guraso bakoitzarentzat.
Aste guztiak etenik gabe hartzeko aukeraren kasuan, lizentzia beste bi astez luzatuko da.
2.-Haurreskolak Partzuergoko guraso langileek lana ordubetez uzteko eskubidea izango dute bularreko haurra zaintzeko, hark hamabi hilabete bete arte. Ordu hori bi zatitan banatu ahal izango da, edo dagokion denbora lanaldi osoko ordaindutako baimenagatik ordeztu ahal da. Metatuz gero, sei ordu izango dira lanegun bakoitzeko.
3.- Oporraldia eta seme-alaben jaiotza, edoskitze, adopzio edo harreragatiko kontratuaren etete aldia elkartzeko modukoak izango dira, nahiz eta oporraldiari dagokion egutegiko urtea amaiturik egon.
4.- Artikulu honek aipatzen dituen denboraldiak lanaldi osoko erregimenean edo lanaldi partzialeko erregimenean hartu ahal izango dira.
5.- Lizentzia hauek eskuratu ahal izateko, idatziz adierazi behar zaio Partzuergoari, egoeraren eragile den gertakaria jazo eta ondorengo lanegunean, betiere lizentziaren hasiera eta amaiera-datak zehaztuz. Horretaz gain, Haurreskolak Partzuergoari jakinarazi behar zaizkio egoera aldaketak: aldi baterako ezintasuna noiz amaitu den eta noiz hasi den amatasun-lizentzia, eta alderantziz.