Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak aldebakarrez haurren onarpenetako araudia aldatu du

348

EAEko Haurreskolak Partzuergo Publikoko Zuzendaritza batzordeak haurren onarpen prozeduraren arautegiaren barruan hainbat
aldaketa egitea erabaki du.
Hartutako eranbakiaren sarreratik hasita, “Haurreskolak Partzuergoak Euskal Autonomia Erkidegoan zero-bi edo hiru urte bitarteko adin-txikikoei hezkuntza-arreta eta laguntza-zerbitzu espezializatua ematea du helburu, familiekin batera haurraren garapen integrala sustatuz.”
Alderdien arteko akordiotik eratorriko den Hezkuntza legeari begira erabaki politiko zein pedagogikoak hartzen ari dela somatzen badugu ere, LAB sindikatuak salatu behar du ez dela sindikatuekin negoziaziorik eman ezta haurreskoletako beharrak ondo ezagutzen dituzten haurreskola bakoitzeko jarraipen batzordeekin inolako kontrasterik egin.
Era berean, gogor kritikatzen dugu azken hilabeteetan matrikulazioan era positiboan eragiteko LABek egindako eskaerei ez zaiela inolako erantzunik eman (0 kuota tarteari dagokionez, tramite burokratikoak arintze, matrikulazio agiriak euskaraz eta gazteleraz izateaz gain, beste hizkuntza ezberdinetara itzultzeko eskaera jatorri desberdinetako familia hauek ere informatuak egon daitezen; 2 urteko haurrak kuota ordaintzetik salbuetsiak egon daitezela; haurreskolarik ez duten herrietako haurrek inguruko herrietan aukera berdintasuna izatea baremoari begira, …)

Beste aldetik, eskaerarik ez duten haurreskolak itxiko dituztela zehazten da araudian. Hortaz, eskaerak dauden herri edo auzoetan gelak edota haurreskolak zabaltzea eskatzen dugu. Horretarako ezinbestekoa da tokian-tokiko eskaeren informazioa izatea, beraz, tresnarik egokiena eskaera guztien zerrenda edota itxaron-zerrenda egotea dela uste dugu.

Horretaz gainera, taldekatze gelen inguruko zehaztapena ere egiten da lehen aldiz, familien eskaera mugatu dezakelarik. Ahatik, doakotasunaren bidean ez du urratsik bat ere eman.
Gauzak horrela, erabaki honek Haurreskolak Partzuergoaren langile kopuruaren gainean eraginik ez izatea eta ahalik eta lasterren langileak egonkortzeko izapideak eta negoziazioa hastea eskatzen dugu.
LAB sindikatuak Hezkuntza legean eragin nahi du, horretarako Haurreskolak Partzuergoan kalitateko haur hezkuntzako lehen zikloa (0-3) doakoa, unibertsala, euskalduna, eraldatzailea eta hezkuntzan integratua izateko bidean behar besteko ekarpen egingo ditu, borrokak aktibatuko ditu eta sindikatuen arteko elkarlana bultzatuko du.

INFO-16._-Apirileko-matrikulazioa-eta-haurren-onartze-arauak