Haurreskolak Partzuergoko sindikatuok mahai negoziatzailera deitzen dugu EAEko Hezkuntza Saila

507

Zortzi greba egun, eta hainbat lekutatik atxikimendu zabala jaso eta gero, EAEko Hezkuntza Sailak isilik jarraitzen du Haurreskolak Partzuergoko ordezkari sindikalok eskaeren eta negoziatzeko proposamen aurrean. Hori dela eta, hilaren 23an, arratsaldeko 15:00etan, Lakua aurrean elkarretaratzea deituko dugu gure etorkizunaren defentsan. Herrietan hasitako dinamikari helduz, hainbatetan ere elkarretaratzeak antolatuko dituzte hezitzaile eta familiek.

Dagoeneko ikasturte erdi baino gehiago pasa den arren, EAEko Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea behin besterik ez du deitu, abenduaren 22an, legegintzaldi honetan bilera bakarra. Bitartean, bataz beste %65eko jarraipena izan duten zortzi greba egun arrakastatsu, azkena, otsailaren 24an, egin ditugu. Hamarnaka herritan elkartasuna adierazteko burututako mobilizazioetan ikusi dugun bezala, langileok eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuak erabiltzaileen eta, oro har, jendartearen babes zabala jaso du.
Gure aldarrikapenekin eta greba dinamikarekin bat egiten duten atxikimendu asko jaso ditugu eta, horiek, Hezkuntza sailburuari ere helarazi zaizkio:
✅ Haurreskola bakoitzeko jarraipen batzordeen aldetik (hezitzaile taldearen ordezkari bat, haurreskolako koordinatzailea, familien ordezkaria eta udalaren ordezkaria). Aipatu beharra dago EAJren ordezkariek ez dutela sinatu. Kasu horietan, udalaren ordezkariaren sinadurarik gabe bidali da atxikimendua.
✅ Haurreskoletako ehundaka familiak norbanako gisa bidali dute atxikimendua.
✅ Hekuntzako eta bestelako hainbat eragilek ere atxikimendua sinatu dute eta bat egin dute aldarrikapenekin: EH Bildu, Ikama, Hezkuntza Plazara, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Topagunea a eta Durangoko Udala.

Zortzi greba egun arrakastatsu burutu arren, Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak isilik jarraitzen dute. Hiru hilabete pasatu ostean, uste dugu duten ardura politikoagatik eta langileoi zor diguten errespetuagatik, gure aldarrikapenen inguruan, eta abenduaren 22ko Mahai Negoziatzailean gure etorkizunari buruz egindako hainbat baieztapenengatik, azalpenak ematea dagokiela eta negoziatzeko eskubidea berreskuratzeko eskubidea dugula.
Abenduko mahaitik atera genituen ondorioak oso larriak izan ziren eta, tartean hartu dituzten erabaki batzuk, akordioak ez betetzea, besteak beste, lan baldintzen kaskartzea ekarri du. Era berean, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu.
Hori dela eta, 3 hilabete beranduago, EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, beste behin, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Baina, negoziatzeko mahairik deitzen ez duenez, haurreskoletako langileon ordezkariak garen LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa Mahai Negoziatzailera bertaratzera deitzen diegu Lakuan, hilaren 23an, arratsaldeko 15:30ean, honako gai ordenarekin:

  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean. – Aurrekontua handitzea.
    Eta, nola ez, erantzun beharko digute non geratu den Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera. Eta, erabateko doakotasunerako urratsak zeintzuk eta noiz emango diren, badelako garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

    Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak benetako negoziazioari uko egiten jarraitzen badiote, edo gure aldarrikapenei erantzuten ez badiete, ikasturte honetan aurrera eramaten ari garen greba dinamikari jarraipena ematea eta sakontzea beste biderik ez zaigula geratuko argi dugu.
    Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikak antolatu dituzten langile eta familiei eta dinamikekin bat egin edota herrietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duzuen langile guztioi, hezitzaile zein kudeaketa langile izan. Gatazkari babesa erakutsi eta laguntza eskaini diguten familia eta eragileei ere, nola ez, gure eskerrik beroenak.
    Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu, denon artean lortuko dugu! Gora Haurreskolak Partzuergoko langileon borroka!