Atzo, hilak 28 Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan genuen Lakuan, besteak beste, irailaren 1etik aurrera gauzatuko diren udal haur eskola batzuen integrazioaren gaineko akordioa erdiesteko eta bestetik, ikasturte hasierako prozesuen gaineko argibideak jaso eta hauen gainean proposamenak egiteko.
> Udal haur eskola batzuen integrazioa:
Gogoratuko duzuen bezala 2024ko azaroan, Hezkuntza Sailak udal haur eskolei diru-laguntzak emateari utziko ziola iragarri zuen. Batzuk Haurreskolak Partzuergoan Integratuko direlarik.
Irailaren 1ean honako udal haur eskola hauek integratuko dira Haurreskolak Partzuergoan: Araban, Gaubea; eta Gipuzkoan, Usurbil, Ordizia, Aretxabaleta, Oiartzun eta Andoain.
Iragarpena egin zenetik, ziurgabetasuna nagusitu da integratuko diren udal haur eskoletako langileen artean. LABetik lanean aritu gara prozesuak ahalik eta ordenatuen egin eta integratuko diren haur eskoletako haur hezitzaileen egoera desberdinak aztertu eta aintzat hartzeko.
Gure Lan Hitzarmenera atxikitu eta ondorioz Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile bilakatzeko ezinbesteko akordioa erdietsi genuen atzo. Horretarako, aurretik emandako integrazioetan erabilitako antzeko formula bat adostu dugu Haurreskolak Partzuergoak, LABek eta Steilasek.
Alde batetik, udalean funtzionario izaera dutenak eta bestetik laboral izaera dutenei irtenbidea topatuz.
Era berean, integratuko diren udal haur eskoletako langileak Haurreskolak Partzuergoko prozesuetan (baremazioa, lekualdatzean parte hartzea…) negoziazioari aurrerago ekingo zaio.
Guretzat berri ona da Haurreskolak Partzuergo Publikora udal gehiago atxikitzea eta ongi etorria ematea nahi diegu hezitzaile hauei.
Guztion artean Haurreskolak Partzuergo Publikoa ardatz, haur hezkuntzako lehenengo zikloaren aldeko borrokan jarraituko dugu.
> Ikasturte hasierako prozesuak
Bestalde, 77 lanpostu finkatzeari buruzko azalpenak eman zizkiguten. Aurreko mahai negoziatzailean adierazi bazen ere gainerako 162 lanpostuak aterako zituztela, oraingoan azaldu dute, Haurreskolak Partzuergoko haur hezitzaileen lanpostuetan enplegua egonkortzeko salbuespenezko hautaketa prozesuak zuzenduko dituzten oinarri orokorretan jasotzen den bezala, hutsik dauden 77 lanpostuak baino ezin dituztela eskaini.
Hautatutako pertsonek izapide guztiak amaitu eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ondoren, II. eranskinean (Ordezko izangaien zerrenda) dauden pertsonei deitzen hasiko dira, 77 lanpostu finko horiek osatzeko.
> Ikasturte hasierako Esleipenak eta ukoak
Era berean, jakinarazi ziguten ikasturte hasierako esleipenak aurten Hezisarea plataformaren bidez egingo direla, abuztuaren 31n. Parte hartu nahi duten guztiek abuztuaren 31 goizeko 10:00ak baino lehen erabilgarri egoeran egon beharko dute. Gainera, ez da hobekuntza-kontraturik egingo; beraz, parte hartu nahi dutenek irailaren 1etik aurrera inolako kontraturik gabe egon beharko dute, bestela, penalizazioa ezarriko zaie. Azkenik, parte hartzea ez dela derrigorrezkoa izango ere baieztatu dute. Egoera babestuan dauden hezitzaileak esleipen honetan parte hartu dezakete eta lanera itzultzean lanpostuaren jabetza egingo dute. Gaur bertan 2026ko esleipenak–jarraibideak argitaratu dituzte Haurreskolak Partzuergoko web orrian.
> Beste batzuk
Ezin dugu ahaztu urte eta erdi igaro dela hitzarmena sinatu genuenetik eta oraindik ere, EHAAn argitaratu gabe dagoela. Atzerapen horrek hainbat eskubideren aplikazioa oztopatzen jarraitzen du, besteak beste, urte sabatikoa eta gizarte eta formazio funtsak eskatzeko aukera.
Horrez gain, premiazkoa da Lan Hitzarmenean jasotzen den bezala, kudeaketako langileen negoziazioari berriro heltzea: ordezkapenen kasuistikak, ordezkoen araudia eta barne sustapenen araudia negoziatzea bai eta telelana lehenbailehen inplementatzeko aurrerapausoak ematea, baita langileen lan-baldintzak hobetzeko beste hainbat neurri ere.
Gogorarazi nahi dugu 2024ko LABek eta Steilasek sinatutako akordioari jarraituz, 2026-2027 ikasturtean Lanpostuen Zerrendan (LPZ) sortu beharreko 34 lanpostuak ezingo direla Lan Hitzarmena EHAAn argitaratu arte izapidetu eta beraz ez direla irailaren 1erako sortuko. Hala ere, Haurreskolak Partzuergoak aurreko mahai parekidean hartutako konpromisoa hartu zuen eta iaz 63 lanposturekin egin zen bezala, baldintza berberetan akordio bat sinatuko da lanpostuak LPZn txertatu bitartean.
Bukatzeko, argitaratu dira 2025eko baremazioaren Gorako Helegiteen ebazpenak eta, horren ondorioz, behin-betiko zerrenda berriak: Zerrenda orokorra, 3 lurraldetakoak, zeinu-mintzairakoa eta ez onartuena http://www.haurreskolak.eus/lista_noticia?id_noticia=696
LABetik eskerrak eman nahi dizkiegu ikasturte honetan gurekin egon zareten eta babesa eman diguzuen guztioi. Zuen konfiantza eta sostengurik gabe gure lana ez litzateke posible izango.
Orain atseden hartzeko eta indarrak berritzeko garaia da. Datorren ikasturtean bidelagun izango gaituzue, langileen lan-eskubideak borrokatuz eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten.
INFO-2026-07-29


