Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta eskolek ez dute sinatutako greba amaierako akordioa bete nahi

163

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek erabaki dute otsailean sinatutako akordioa betearazteko mobilizioei ekitea eta bide juridikoa aztertzea.

Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahaian ordezkaritza daukaten sindikatu eta patronal guztiek. Akordioa indarrean dago sinatu zen unetik bertatik, hala dago espreski jasota akordioan bertan hamargarren puntuan.

Hiru hilabete igaro dira ordutik. Ez da betetzen ari, ordea, patronalek horretarako borondaterik ez daukatelako. Bitartean, langileek akordioa bete dute eta sinatu zen egunetik greba bertan beherea utzi zuten.

Akordioan jasotako edukiak aplikatzen hasteko eta edukiak hitzarmenean txertatzeko bilerak deitu behar izan zituzten sindikatuek, patronalek ez zutelako horretarako pausorik ematen. Bilera egutegi bat adostu arren, patronalek bi bilera bertan behera utzi dituzte. Gainerakoetan akordioa betetzen hasteko oztopoak baino ez dituzte jarri. Patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzea eta sinatu zen baldintza berri batzuk ezarri nahi dituzte. Horrela, besteak beste:

  • Ez dira hasi 2024ko soldatak adostutako kopuruetan ordaintzen eta ez dute zehaztu noiz hasiko diren ordaintzen.
  • Mahaian aurkeztutako soldata taulak behin-behineko moduan aurkeztu dituzte, Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpe.
  • Adostutako lanaldi murrizketak 2023-2024 ikasturtean aplikatzeko modu murriztatzailea planteatu dute.
  • Irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmenaren artikulatuan jasotzeko trabak jartzen ari dira.
  • Enplegua bermatzeko birkokapen prozesuan kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria alde batera utzi dute; are gehiago, birkokapen prozesuaren aplikazioa bera ere kolokan jarri dute, erretiro partzialean gerta litezkeen legezko aldaketak aitzakiatzat hartuta.

Hori guztia gutxi ez balitz, patronalek hitzarmenaren proposamen oso bat ez die oraindik ere helarazi sindikatuei, eta bidalitako zatian aldebakarrez eta akordioak jasotzen ez dituen aldaketa atzerakoiak txertatu nahi dituzte.

Jarrera horren aurrean sindikatuek akordioa betearazteko neurriak hartzea erabaki dute. Alde batetik, mobilizazioei ekingo diete. Horrela, datorren maiatzaren 16an elkarretaratzea egingo dute 11:30ean Kristau Eskola patronal nagusiaren Donostiako egoitzaren aurrean; eta maiatzaren 22an eskoletan elkarretaratzeak egingo dituzte. Bestalde, bide juridikoa aztertuko dute: maiatzaren 29rako adostutatako negoziazio mahairako patronalek ez badute proposamenik ekartzen akordioa sinatutako baldintzetan, demanda judizialen bidea aktibatu dute sindikatuek.

Euskal Herrian 2024ko maiatzaren 13an