Enplegu publikoa eta lan-baldintzak hemen erabaki daitezen emendakinak aurkezteko eskatuko diete sindikatuek alderdi politikoei

219

ELAk, LABek, CCOOk, STEILASek eta ESK-k aldebiko bilerak deitu dituzte maiatzaren 20rako, Espainiako estatutarako azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoekin. Bilera horietan, sindikatuek proposamen bat aurkeztuko diete alderdiei, diputatuen kongresuan zuzenketa bat aurkez dezaten. Zuzenketa hori onartuz gero, gure herrialdean euskal langile publikoen enplegua eta soldatak erabakitzea ahalbidetuko luke.

Bi hilabete baino gehiago igaro dira sektore publikoko azken greba-egunetik;milaka langile publikok politika publikoak aldatzea, zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan-baldintzak hobetzea eta Madrilek ezarritako betoak ezabatzea eskatu zuten. Deialdiak arrakasta izan zuen arren, sindikatu deitzaileek salatu nahi dute ez direla urratsak ematen ari norabide horretan aurrera egiteko.Gasteizen zein Madrilen gobernatzen duten alderdi politikoen erabakiak kontrako norabidean doazela.

Esate baterako, Gasteizko Legebiltzarrean, PNV eta PSEren aldeko bozkekin, 2024rako onartutako EAEko Aurrekontuen Legearen 19. artikuluan berariaz jaso da soldaten eta enpleguaren arloan Madrilek hartzen dituen erabakiekiko menpekotasuna. Hau da,
nahiz eta estatu-mailan oinarrizko legerik ez egon gai horretan eskumen horiek mugatzen dituenik, Jaurlaritza osatzen duten alderdiek behartu dute Eusko Legebiltzarra mugatzea bere autogobernu-ahalmena sektore publikoan, eta Madrilen etorkizunean hartzen diren erabakien mende jartzea.

Bestalde, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, ez dago aurrekontu Legerik. Hala ere, 8/2023 Lege Proiektua negoziatzen ari dira, Ukraniako eta Ekialde Hurbileko gatazketatik eratorritako neurri ekonomiko eta sozialak hartzeko eta lehortearen ondorioak arintzeko. Bada, Sozialista eta Sumar taldeak zuzenketa bat aurkeztu diote proiektu horri, Madrilek ezarritakoez bestelako soldata-igoerak negoziatzea eragozten duena. Euskal alderdi politikoek ez dute lege-proiektu horri zuzenketarik aurkeztu muga hori eragozteko, eta ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek argi daukagu langile publikoek beren lan-baldintzak hemen erabakitzea ahalbidetuko duten ekimenak aurrera eraman behar dituztela.

Hori dela eta, sindikatuek aldebiko bilera-sorta batera deitu dituzte alderdi politikoak, lege horretan zuzenketa bat sar dezaten. Zuzenketa horrek Madrilek ezarritako betoa kentzea ahalbidetuko luke, eta sektore publikoko langileen enpleguaren eta lan-
baldintzen arloko beharrak hemen erabakitzea ahalbidetuko luke.

Bestalde, deialdia egin duten sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte EUDELen aurrean, 10:30ean, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 11:30ean, maiatzaren 27an, euskal erakundeei eskatzeko Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari utz diezaiotela, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan-baldintzak hobetu ditzatela.Azkenik, deialdia egin duten sindikatuek lehen aipatutako Legea Diputatuen Kongresuan bozkatu bezperetan ere mobilizatzeko asmoa dute.

Bilbon, 2024ko maiatzaren 15ean.