1. Haurdunaldi baja
Bi modutara eskatu dezakegu haurdunaldiko baja, bietan %100 kobratu eta puntuatzen da. Ordezkoen kasuan kontratua amaitzerakoan alta hartu beharko da beste kontratu bat eskuratzeko.
- Mutuatik: Prestazio bat ematen du Mutuak haurdunaldian, lanpostuan arriskuak daudenean haurdunaldirako. Lakuako prebentzio zerbitzura deitu (945018411) edo prebentziohezkuntza@euskadi.eus helbidera idatzi eta kasua azaldu. Mutuak jarraipena egin ahal izateko, alta egoeran egon behar da prozesua hasterakoan. Prebentzio Zerbitzuak langilearen lan egoerarekin txosten bat idatziko du eta Mutuara bidaliko dute.
- Gizarte Segurantzatik: Zure mediku orokorrak baja ematen badizu, egoera honetan Gizarte Segurantzatik ordainduko dizute baja. Noizbehinka baja berrikusi behar izaten da.
Informazio gehiago Prebentzio Zerbitzuko webgunean.
2. Erditze osteko pausuak
- Ospitalean umearen jaiotze agiria eskatu. Epea: haurra jaio eta 24 ordu pasatzen direnetik 8 egunera.
- Amatasun baja eskatu: Gizarte Segurantzan entregatu, eskatzaileak berak eta bai enpresak bete beharreko inprimaki ofiziala, gaixotasun bajaren alta, Familia Liburuaren originala eta kopia, jaiotza-agiriaren originala eta kopia, Nortasun Agiriaren originala eta kopia. Epea: haurra jaio eta 20 egunera.
- Haurraren osasun txartel indibiduala eskatu: Udaletxean eskatu behar da haurraren erroldatze agiria. Ondoren, Gizarte Segurantzan gurasoetako baten aseguruan sartu behar dugu haurra. Horretarako, A1 eta P1 inprimaki eguneratuak emango dizkigute betetzeko. Guraso(ar)en Nortasun Agiriaren edo Familia Liburuaren fotokopia atera eta guztia tokian tokiko anbulategian entregatu behar da. Epea: ez dago eperik baina ahalik eta azkarren egitea gomendatzen da.
- Diru laguntzak tramitatu: Eusko Jaurlaritzako webgunean irakurri gehiago.
3. Gurasotasuna
3/2019 instrukzioan, urriaren 21ekoa, Funtzio Publikoko Sailburuordearena, kontziliazio-baimenak parekatzen dituena
- EIZU bidez tramitatu behar da.
- 18 asteko baimena izango du langileak kontratupean aurkitzen bada (2 aste gehiago erditzea anitza bada edo jaioberria premia bereziduna bada). Aldiz, langileak kontraturik ez badu 16 astekoa izango da baimena, hobekuntza asteak ez lituzkeelako jasoko.
- 18 aste horiek luzatu egingo dira, oinarrizko araudiaren arabera legokiokeen luzapenaz gain, kasu hauetan:
- Bi aste gehiago haur bakoitzeko, bi haur edo gehiago, jaio, adoptatu edo harreran hartzen direnean.
- Bi aste gehiago, adingabeak premia bereziren bat izanez gero.
- Baimen hauek transferiezinak dira.
- 18 aste hauek honela banatu ahal dira:
1) Borondatezko zatia:
- Nahitaezkoa izango da baimena etenik gabe hartzea ondorengo kasu hauetan:
- Bi gurasoetako batek lanik egiten ez duenean.
- Adopzio, zaintza edo harreretan, haurra 12 hilabetetik gorakoa denean.
- Baimena zatika hartzeko bi gurasoak lanean egon behar dira. Asteka hartuko dira baimen-zatiak, haurrak 12 hilabete bete arte.
- Ama biologikoa denean: nahi duenean, nahitaezkoak diren 6 asteak eta gero.
- Beste gurasoa denean:
- Ama biologikoaren nahitaezko atsedenaldia amaitu eta gero edo ama biologikoaren edo beste adoptatzaile edo zaintzailearen baimena amaitu eta gero (Hobekuntzan luzatutako asteak barne).
- Jaiotza baimenaren ondoren ama biologikoak edo beste adoptatzaile, zaintzaile edo harrerako gurasoak eskatzen badu haurraren edoskitze denbora lanaldi osoetan metatzea, denbora hori igarotakoan hasiko da gainerako baimen-asteen kontaketa.
- Baimena zatika hartzen denean, aste osoetan banatuta hartuko da, eta baimen zati bakoitza hartzeko aurreabisu errebokaezina egin beharko da (behin eskaera eginda, ezin da aldaketarik egin), gutxienez 15 egun lehenago.
2) Hobekuntza zatia: Etenik gabe gozatu beharko da, eta borondatezko zatiko azken asteari lotua egongo da, azken honek duen iraupena duela.
- Hobekuntza hori etenik gabe gozatu beharretik salbuetsita geratuko dira, izendapenaren edo kontratuaren iraupena dela eta, etenik gabe hartu ezin dutenak; kasu horretan, hurrengo izendapenean edo kontratuan berehala jarraituko dute baimenarekin, harik eta agortu arte, betiere haurrak 12 hilabete bete aurretik.
- Aurrez abisatutako baimena hartu aurretik lan istripuren bat gertatuz gero, baimen hori gero hartzeko utzi ahalko da, betiere haurrak 12 hilabete bete aurretik.
- Ama biologikoa hiltzen bada, beste gurasoak baliatu ahalko ditu zegozkion edo geratzen zitzaion baimenen zatia.
4. Ordezkoen kasuan
- Lanera itzuli nahi ez badute, abuztuaren 31a baino lehen, betiere 15 eguneko aurreabisua badago.
- Irailaren 1ean jaiotzagatiko Gizarte Segurantzaren asteetan badaude, ez dira ikastetxera joan beharko.
- Gurasotasun lizentziak irauten duen bitartean ordezkagunean parte har daiteke. Kasu horretan, esleipen bat jasotzen denean lanera joango ez direla jakinarazi behar diogu Hezkuntza Sailari.
- Gizarte Segurantzako baimena amaitu , baina borondatezko asteak geratzen bazaizkie lanpostura itzuli beharko dute eta 15 egun balioduneko aurreabisua eman beharko dute baimenari berriro ekiteko.
EZ DUTE IKASTETXERA JOAN BEHARKO:
– Jaiotzagatiko baimena duten interinoak
– Alde baterako etenaldian jarraitzea
– Aldi baterako etenaldi berriak
– Arriskuko haurdunaldia
⚠️ ADI!
– Umea jaiotzen den momentuan ordezkoa ez bada kontratupean egon, ezin izango ditu Eusko Jaurlaritzak ematen dituen aste gehigarriak hartu, bai aldiz, edoskitzea.
– Puntuak fiktizioki aplikatuko dira zure ordezkapena egiten duenaren arabera.
5. Kontuan hartzeko bestelakoak
- Lizentzia amaitzen bada eta amak ezin badu lanera bueltatu (osasun arazoak), alde baterako ezintasun baja tramitatu behar da.
- Gizarte segurantzak ordainduko du soldata, lizentzia osoan zehar, aurreko hileko oinarri arautzailearen %100, hain zuzen (egun bakoitzean zenbat diru dagokizun kalkulatuko dizute). Gogoratu Gizarte Segurantzako baimena eskatu ahal izateko, lurralde ordezkaritzatik zure kontratua bidalita izan behar dutela. Bukatzeko, jaiotza-agiria (originala eta kopia), familia liburua (originala eta kopia), NANren kopia, kontu korrontea eta 2 inprimakiak (enpresak betetakoa eta norberak betetakoa) Gizarte Segurantzan entregatu behar dira. Haurra jaio eta 20 eguneko epea dago honetarako.
- Langile kudeaketarako zuzendaritzak emandako eskabide orria bete behar da.
6. Adopzioa / Harrera
Akordio Arautzaileko (Lan Hitzarmeneko) 40. artikuluan
- 18 aste etenik gabe (bi aste gehiago haur bat baino gehiago adoptatzen badira edo umea premia berezikoa bada).
- Denbora zenbatzen hasten da harrerari buruzko administrazio erabakia edo erabaki judiziala ematen denetik edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denetik aurrera.
- Biek har dezakete aldi berean, 18 aste elkarren artean gainditu gabe.
- Adopzioa atzerrian ematen bada, gurasoek adopzioa baino lehen umearen herrialdera joan beharko balute, baimena har dezakete, ebazpena jaso baino 4 aste lehenago arte. Gainera interesdunek gehienez 2 hilabeteko baimenaz gozatzeko aukera izango dute. Denboraldi honetan oinarrizko lansariak bakarrik jasoko dituzte.
- Oporraldia eta haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio edo harrerako lizentzia aldia elkartzeko modukoak izango dira.
- Langile kudeaketarako zuzendariak emandako eskabide orria bete behar du.
- Administrazio edo epai ebazpena aurkeztu behar da.
7. Edoskitzea
Akordio Arautzaileko (Lan Hitzarmeneko) 40. artikuluan
- Baimen indibiduala da, guraso bakoitzaren eskubidea eta transferiezina.
- Haurrak urtebete izan arteko iraupena du.
- Edoskitze-baimena bi modutara gozatu daiteke:
- Egunero lantokitik ordu bete alde eginez, lehen edo azken orduan. Aukera dago ordubete hau bitan banatzeko, hau da, egun berean ikastetxetik bi aldiz alde egiteko, aldi bakoitzean ordu erdiz. Eguneko 2 ordu dagozkie erditze anitza izan duten gurasoei.
- Edoskitze pilatua edo metatua. Laneguneko ordu 1 kontatzen da umeak urte bete izan arte: 24 egun jardunaldi osoari dagokionez, 35 egun dagozkio jardun erdiari eta 40 herenari, gutxi gorabeherako kalkulu baten baitan guztiak ere (delegaritzek egiten dute kalkulu zehatza.) Erditze anitzen kasuan, bikoitza kasu guztietan.
- Urteko bakantea betetzen ari diren interinoen kasuan (kontratua abuztuaren 31ra arte), posible da edoskitze metatuko egun guztiak ikasturte berean gozatu ahal ez izatea. Delegaritzak kalkulatuko ditu ikasturteari dagozkion egunak. Abuztuko esleipenetan lanpostua lortu duten langileen kasuan, irailaren 1ean berraktibatu daitezke falta diren edoskitze egunak. Iraileko esleipenetan eta ordezkagunearen bidez esleitutako lanpostuei dagokionez, langileak 15 egunez lan egin behar du falta zaizkion edoskitze egunekin jarraitu aurretik. Kasu guztietan, langileak baimenarekin jarraitzeko eskaera egin behar du dagokion lurralde delegaritzan.
- Jardunaldi osoan dauden langileek murrizketa eskatu dezakete, modu honetan edoskitze metatuari dagozkion egun kopurua proportzionalki handituz.
- Edoskitze metatua hautatuz gero, urte horretan zerbitzuak aldi baterako eteteko aukera eta eszedentzia eskatzeko aukera galduko lirateke. Haurrak urtebete bete ondoren eskatu daiteke berriro.
- Eskabidea EIZU plataformaren bidez egin behar da, eskabide orria hemen.
8. Seme/alabak zaintzeko baimenak
8.1 Zaintzagatiko eszedentzia eta aldi baterako etetea
11/2022 Legea, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 144.artikulua eta Akordio Arautzaileko 62.artikulua
- Eszedentzia edozein unetan eskatu ahalko da, eta behin baino ez, adingabeak 3 urte bete arte. Behin zerbitzu aktibora itzulita, ezingo da egoera horretara itzuli, beste seme-alaba batengatik ez bada.
- Zaintzagatiko eszedentzia eta Akordio Arautzaileko zerbitzuak aldi baterako eteteko baimenaren arteko aldeak hemen, kontuan izateko:
- Gurasoak, biak lanean dabiltzanean, bietako bat bakarrik baliatu ahal izango da eskubide honetaz.
- Egoera horretan gauden bitartean ezin da ordaindutako lan kontraturik izan.
- Eszedentzian dauden karrerako funtzionariek erretiroari begira kotizatzen dute.
- Momentu honetan aukera dago zenbait diru-laguntza eskatzeko. Informazio gehiago hemen.
Eszedentzia EIZU bidez eskatu behar da, ordezkoen zerbitzuak aldi baterako etetea, aldiz, Tramitagune bidez eskaera orri hau aurkeztuz.
ZAINTZAGATIKO ESZEDENTZIA (11/2022 Legea) Karrerako funtzionario zein bitartekoek | ZERBITZUAK ALDI BATERAKO ETETEA Bitarteko funtzionarioak |
Edozein unetan eskatu daiteke, baina adingabe bakoitzeko behin baino ez. | Ikasturte horretako bakantera itzultzeko aukera. |
Kotizatzen du. | Ez du kotizatzen. Ez du jubilaziorako balio. |
Hirurtekoetarako konputagarria da. | Ez da hirurtetarako konputagarria. |
Karrerako funtzionarioek lekualdatze-lehiaketan puntuatzen dute. Bitarteko langileek puntuatzen dute. | Puntuatzen da. Kontratua ikasturtea baino motzagoa bada, zure etenaldia bete zuen ordezkoak ikasturte horretan zehar egindako lanari dagokion puntuazioa gehituko da. |
8.2 Zortzi asteko guraso-baimena
8 asteko guraso-baimena (ordaindu gabea) ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren 128. artikulua.
Ez ordaindutako guraso-baimena da, semea, alaba edo etxean hartutako adingabea zaintzeko (adingabeak zortzi urte bete arte), eta gehienez ere 8 asteko iraupena izango du. Honako berezitasun hauekin:
– Hartzeko 8 asteak 8 urteko aldirako dira guztira, eta ez dira urtekoak.
– Aste horiek jarraian edo zatika hartu ahal izango dira. Baimena zatika hartzen bada, aste osoko gutxieneko aldietan hartu beharko da.
– Baimena langileak ordura arte egiten duen lanaldi motan baliatuko da.
– Eskaera: eskaera gutxienez 15 egun (baliodun) lehenago egin behar da. Momentuz, baimena Tramitagune bidez eskatu behar da, eskaerari familia-liburua erantsiz. Aurrerago EIZU bidez (https://eizu.app.jakina.euskadi.eus) egitea aurreikusten da.