Eszedentziak

1. Nahitaezko eszedentziak

Nahitaezko eszedentziak lanpostua gordetzeko eta hari dagokion antzinatasuna zenbatzeko eskubidea emango du, eta honako kasu hauetan gertatuko da, betiere, aldez aurretik ikastetxeari idatziz jakinarazita:

a) Lanera joatea eragozten duen kargu publiko baterako izendatu edo aukeratu badute langilea.

b) Eginkizun sindikalak baliatzeko, probintzian edo eremu zabalagoan, betiere langilearen sindikatuak legezko ordezkagarritasun nahikoa badu gizarte-ekimeneko irakaskuntzaren sektorean.

Nahitaezko eszedentzian dagoen langileak gehienez 30 egun naturaleko epean hasi beharko du berriz lanean bere eszedentzia eragin zuen zerbitzua, kargua edo eginkizuna utzi ondoren, aurreko b) letran adierazitako egoeran izan ezik, horretan 2 hilabetekoa izango baita lanera itzultzeko gehieneko epea.

2. Senideren bat zaintzeko eszedentzia

Gehienez ere bi urteko eszedentzia-aldirako eskubidea izango du langileak senitarteko bat (bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duena) zaintzeko, betiere hura adina, istripua edo gaixotasuna edo baliaezintasuna direla-eta bere kabuz balia ezin badaiteke, eta ordaindutako jarduerarik gauzatzen ez badu.

Artikulu honetan ezarritakoaren arabera, antzinatasunerako zenbatuko da langilea eszedentzia-egoeran dagoen aldia. Lehenengo urtean bere lanpostua gordetzeko eskubidea izango du. Epe hori amaitzean, lanbide-talde edo kategoria bereko lanpostu bat gordeko zaio.

3. Borondatezko eszedentzia lanpostua erreserbatu gabe

Langileen Estatutuaren 46.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxean gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea izango du. Eszedentzia horrek gutxienez lau hilabete iraungo du, eta gehienez bost urte. Pertsona berak eskubide hori berriro erabiliko badu, lau urte igaro behar dira aurreko borondatezko eszedentziaren amaieratik.

Enpresan hutsik dauden edo egon litezkeen kategoria bereko edo antzeko kategoriako lanpostuetan berriz ere sartzeko lehentasunezko eskubidea borondatezko eszedentzian dagoen langileari gordeko zaio soilik.

4. Borondatezko eszedentzia lanpostuaren erreserbarekin

Ikastetxean gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen eta aurreko lau urteetan borondatezko eszedentziarik hartu ez duen langileak eskubidea dauka ikasturte osoko borondatezko eszedentziarako aukera aitor dakion, gutxienez ikasturte baterako eta gehienez bosterako.

Lehenengo bi urteetan, langileak bere lanpostua gordetzeko eskubidea izango du; horretarako, ikastetxeari jakinarazi beharko dio lanera itzultzeko erabakia hiru hilabete lehenago, gutxienez.

Bi ikasturteko epe hori iragan ondoren, eszedentzian dagoen langileak lehentasun-eskubidea baino ez du izango enpresan dauden edo egon litezkeen kategoria bereko edo antzeko lanpostu hutsetan berriz ere sartzeko.

Eszedentzia hori idatziz eskatu beharko dute gutxienez bi hilabeteko aurrerapenarekin, ezinezkoa izan dela egoki justifikatuta dagoenean izan ezik. Ikasturtea hasten denetik baliatuko da eszedentzia hori, ikastetxearen titularrarekin hura aurreratzea adostu ezean.

Lanpostua gordetzeko eskubidea duten eta eszedentzian dauden langileak gainerako langileen ondorio berdinen eraginpean daude plantilla-murrizketarik egonez gero.

5. Ikasturte baterako eszedentzia

Enpresan jarraian bost urte baino gehiago lanean aritu diren langileek ikasturte bateko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute, hala eskatzen badute, beren lanbide-hobekuntzarekin zerikusia duten jarduerak egiteko.

Eszedentzia-mota hau baliatzen dutenek lanpostuan automatikoki berriz hasteko eskubidea izango dute, eta antzinatasuna zenbatuko zaie; betiere, denbora horretan zehar egin duten jarduera behar bezala frogatzeko bidea izan beharko dute.

Enpresaren eskola-urtea amaitzean (abuztuaren 31n) hasiko da eszedentzia hori.

6. Seme-alaba bakoitzeko zaintzeko eszedentzia

Langileek eskubidea izango dute hiru urtera arteko eszedentzia-aldia hartzeko, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, haiek jaiotza, adopzio, harrera iraunkor zein adopziorako harrera bidezkoak izan. Eszedentzia-mota hau amatasun-lizentzia amaitu ondoren hartzekoa da, lizentzia horren barruan hartuta bularra emateko lanaldi- murrizketaren ordezko ordaindutako bi asteak. Ondorengo seme edo alabetariko bakoitzak beste eszedentzia- aldi baterako eskubidea sorraraziko du; eszedentzia horrek amaiera emango dio langilea baliatzen ari den beste eszedentziari, hala bada kasua. Artikulu honetan ezarritakoaren araberako eszedentzian langileak ematen duen aldia antzinatasun-ondoreetarako zenbatuko da, eta langileak eskubidea izango du lanpostua gordetzeko ez ezik, lanbide-prestakuntzarako ikastaroetara joateko ere, eta horietara deitu beharko dio enpresaburuak. Seme edo alaba bakoitza zaintzeko eszedentzia-aldia ikasturtea amaitu arte luzatzea erabaki dezakete hura baliatzen ari diren langileek.

7. Ikastaroak egiteko urtebetetik beherako eszedentzia

Langileari urtebetetik beherako borondatezko eszedentzia ematen bazaio eta haren espezialitate-arloko hobekuntz ikastaroetarako, ikasketa-bidaietarako edo beketarako bada (betiere, hori behar bezala justifikatuta ikastetxearen titularrari), eszedentzia-aldi horretako antzinatasuna kontuan hartuko zaio, eta bere lanpostura automatikoki itzultzeko eskubidea izango du (7 eguneko gehieneko epea izango du horretarako). Lanera itzultzean, egindako jarduera egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. Lanean berriz hastea eszedentziaren ondoren

Nahitaezko eszedentzia eta kapitulu honetan zehaztutako eszedentzia bereziak baliatu dituztenak, eszedentzia aldia amaitu eta ezarritako epeetan lanera itzultzen ez badira, behin betiko baja izango dira ikastetxean.