ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta Gizarte ekimeneko ikastetxetako langileek manifestazio jendetsua egin dute gaur Bilbon

213

Lan hitzarmen berria adostea ahalbideratuko duten edukiak eskatu dituzte

Edukirik izan ezean, urriaren 17,18 eta 19rako eta abenduak 11 eta 15 bitarte 8 greba egun egingo dituzte

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta manifestazioa egin dute gaur Gizarte Ekimeneko langileek Bilboko kaleetan. Ehundaka langile bertaratu dira.

Apirilak 25eko greba egunaren ostean, patronalek beraien immobilismoan errotuta jarraitzen dutela salatu dute sindikatuek. Bost hilabete igaro dira greba egun hartatik eta sindikatuek ez dute euren berririk izan.

Hori horrela, eta ikasturte amaieran adierazi zuten bezala, sindikatuek greba eta mobilizazio dinamika indartzea beste aukerarik ez dute izan Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek edukizko proposamenak mahai gainean jar ditzaten.

Ikasturte berriarekin batera Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat helarazi diete; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dute ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Gaurko manifestazioa adostutako mobilizazio dinamikan lehena izan da. Patronalek Lan Hitzarmena negoziatzeko edukirik mahai gainean jartzen ez badute jada erregistratuta dauden zortzi greba egunekin aurrera egingo dute sindikatuek. Izan ere, datozen urriak 17,18 eta 19rako zein abenduak 11 eta 15 bitarte dituzte grebak deituta.

Azkenengo negoziazio mahaia 2023ko Otsailaren 2koa izan zen. Bilera hura, hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

Euskal herrian 2023ko urriaren 10ean

Lan Hitzarmenaren negoziaketarako sindikatuon aldarrikapen nagusiak

IRAUPENA

2022-2024 (2021eko soldatak barne).

LAN ZAMAK ARINTZEKO NEURRIAK

  • Irakasleak: eskola orduen murrizketa esanguratsua.
    • Murrizten diren eskola orduak ordu osagarri bihurtzea eta ordu osagarri horiek lan pertsonalerako izatea.
  • Irakasle ez diren langile tituludunak: Irakasleen urteko lanaldi berdina
  • Kolektibo guztietan ordezkapenen erregimena hobetzea

SEKTORE FEMINIZATU ETA PREKARIONENTZAT HOBEKUNTZAK

  • HH Lehen zikloko langileak HH bigarren zikloko langileekiko homologazioan pausu garrantzitsuak
  • Hezkuntza Laguntza Espezialistak (EAE) lanaldi osoak bermatzea eta ordu osagarriak gehitzea arreta zuzenekoak murriztuz
  • AZP urteko lanaldi murrizketa esanguratsua, lan zamak neurtzeko eta mugatzeko neurriak ezarriz

SOLDATAK:

  • KPIaren bermea
  • Aurrez galdutako eros ahalmena berreskuratzen joatea.
  • DBH 1 eta DBH 2ko irakasleen soldata parekatzea

EMPLEGUA. LANPOSTUAK MANTENTZEKO

  • Birkokapen prozedurari buruzko erreglamendua Hitzarmenean jasotzea eta betearazteko bermeak ezartzea
  • Birkokapen akordio mugagabea bermatzea

LANBIDE HEZIKETA

  • Lanaldi irregularra arautzea: Asteko ohiko eskola orduak gainditzeko baldintzak negoziatu eta hitzarmenean txertatu:

Ordu lektibo eta osagarrien proportzioa mantendu beharko da

Konpentsazioa egon beharko da

  • FCTs: 6 ordu astean ikasturte osoan; ez bakarrik praktika garaian
  • Tailerretan bikoizketa arautu
  • Lanbide Heziketako lege berriak ekar ditzaken aldaketen aplikazioa negoziatzea

BEHIN BEHINEKO KONTRATAZIOA ETA ALDIZKAKO KONTRATAZIO FINKOA

  • Lanaldi osoko kontratu mugagabeen nagusitasuna jasotzea
  • Aldizkako kontratu finkoen erabilpenik ez dela egongo jasotzea arau orokor bezala.

LAN OSASUNA

  • Behin behineko ez gaitasun osagarria baja-denbora efektibo osoan.
  • Arrisku psikosozialak, bai prebentzioan baita identifikatutako gabeziak konpontzeko planak ezarri ikastetxe guztietan, jazarpen-protokolak barne

EUSKARA PLANAK

  • Plantilla osoarentzat, irakasleak ez direnak barne

BERDINTASUN PLANAK

  • Hitzarmeneko zentro guztietan.