LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diete EAEko erakunde eta alderdiei, zerbitzu publikoak indartzeko

397

Sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean, enplegua eta langile publikoen soldatak hemen erabakitzea aldarrikatzeko.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean, zerbitzu publikoak indartzeko eta hauek hemen erabakitzeko egiten ari diren mobilizazioei eta grebei jarraipena emateko.

Estatuko Gobernuak hirugarren urtez jarraian langile publikoen erosteko ahalmenaren galera ezarri nahi duen egun berean, eta Eusko Jaurlaritza osatuta dagoela, sindikatuek erakunde eta alderdi politikoei eskatu diete hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, EAEko langile publiko guztien lan baldintzak hemen erabakitzeko benetako urratsak emanez.

Salatu dutenez, gure erakundeek, azken urteotan, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatzea erabaki dute, eta horrek ondorio larriak ekarri ditu langile publikoen lan eta baldintzetan zein zerbitzuen kalitatean.

Ildo horretan, argi dute mobilizatzen jarraituko dutela zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioarekin amaitzeko eta hemen langile publikoen enplegua eta soldatak erabakitzeko. Hori guztia negoziazio mahaietan galdutako soldata berreskuratuta, enplegu publikoa sendotuta eta sortuta, eta gaztetzeko planak adostuz, plantillen osasuna bermatuz, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatuz eta lanaldia murriztuz.

2024ko ekainaren 25a