EHUko gobernu taldeak ikasleen posta-kontuak Microsoft Office 365-era eraman eta zerbitzua pribatizatu nahi duela salatu dugu

458

LAB sindikatua eta Ernai gazte erakundea EHUko Gizarte kontseiluaren gaurko bilkuraren aurrean elkarretaratu gara EHUko gobernu taldeak inposatu nahi duen neurri berria salatzeko. Izan ere, ikasleen posta elektronikoaren kontuak Microsoft Office 365-era migratu nahi dituzte, zerbitzu hau pribatizatuz eta ikasleen pribatutasuna kolokan jarriz.

Aspaldidanik gauzatzen ari da azpikontratatzea EHUko hainbat alorretan, Informazio eta Komunikazio Teknologiei (IKT) lotutako zerbitzuak barne. Duela gutxi jakin izan dugu 2022-23 ikasturtean ikasle guztiek O365 kontua derrigorrean izateko azken moldaketa teknikoak egiten ari direla, uztailaren 18an irekiko den matrikulazio-kanpainan bertan automatikoki gauzatzeko.

Honen aurrean honako hauek adierazi nahi ditugu Ernai eta LABetik:

EHUko zerbitzuen pribatizazioa salatzen dugu. Sistema publikoaren desegite progresiboaren beste pauso bat da, unibertsitate publikoa ahulduz transnazional baten onurako. EHUn baditugu informatikan adituak diren langileak eta baliabideak IKTak EHUn bertan kudeatzeko eta, nahikoak ez direnean, inbertsio handiagoa egin behar da baliabide propioetan, eta ez kontrakoa: enpresa pribatuetara diru publikoa bideratzea.

Oso larria da ikasleen datuak multinazional baten esku jartzea. Pribatutasuna gordetzeko bermeak daudela esango badute ere, ikasleen datuen pribatutasuna kolokan egongo litzateke, etorkizunean informazio pertsonala non buka daitekeen ezin ziurtatu. Ikasleen ondoren, EHUko langileen kontuen migratzea etorriko litzateke, baita EHUko plataformetan dagoen lan-kudeaketari eta ikerketari lotutako informazioa Microsoft-en zerbitzarietara pasatzea ere.

Erabaki honek ikasleen eta langileen Microsoft-ekiko dependentzia teknologikoa nabarmenki areagotuko luke eta atzera buelta ia ezinezkoa bilakatuko litzateke.

– EHUko komunitate osoan eragiten duen erabaki hau ezkutuan gauzatzen ari dira, informazio ematea eta eztabaida ekidinez. Posta elektronikoak O365-era migratzean, ikasleriaren erabakitzeko eskubidea urratzen ari da. Parte-hartzerako jarrera irekiaren irudia eman nahi badute ere, ez dago gutxieneko parte-hartze prozesurik, ez ikasleekin ezta langileekin ere.

– Multinazional eta baliabide digital pribatuen menpekotasunaren aurrean, alternatiba badago, burujabetza teknologikoaren bidean zerbitzu publikoen indartzean eta software librearen erabilera orokortuan oinarrituta.

Horregatik, Ernai eta LABetik publikoki salatu nahi dugu EHUko zerbitzuen pribatizazio egitasmo hau eta EHUko gobernu taldeari atzera egitea exijitzen diogu, O365 proiektua alde batera uzteko eta unibertsitateko komunitatea osoarekin eztabaida prozesu bat martxan jartzeko, etorkizuneko erronkei aurre egiteko norabidea denon artean zehazteko.

Era berean, EHUko komunitate osoa (ikasle zein langile), baita gizartea ere, erabaki honen kontra adierazteko animatzen dugu.

EHUko zerbitzuen pribatizazioari ez!

Ez jarri EHUko ikasle zein langileen datuak enpresa pribatuen esku!

Gaur, EHUko Gizarte Kontseiluaren bilkuraren aurrean LAB eta Ernairen elkarretaratzea