Tutera eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialetan 2022/23 ikasturterako iragarritako murrizketak salatu ditugu

423

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Tuterako zein Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialetako 2022-2023 ikasturterako eskaintza murriztea erabaki du, talde kopurua txikiagotuta. LABek uste du neurri hori euskarari egiten zaion enegarren erasoa dela Administrazioaren partetik, bai eta zerbitzu publikoen beste murrizketa bat ere, herritarrek hizkuntzak ikasteko duten eskubidea urratzen baitu.

Tuteran, taldeek gutxienez 10 lagunekoak izan behar dutelako baldintza ezarri omen du Departamentuak, bestela alde batera utziko ditu talde horiek. Horrezaz gain, Tuteran zein Iruñean, Hezkuntzak talde kopurua murriztuko du; horren ondorioz, herritarrek hizkuntza ikasteko eskaintza txikiagoa izanen dute. Neurri horrek, gainera, Euskaran ez ezik, beste hizkuntzetan ere ikasketa prozesuaren jarraipena eragotzi lezake, gerta litekeelako talderik ez izatea maila batzuetan.

Horiek horrela, Tuterako Hizkuntza Eskolan, Hezkuntza Departamentuak 26tik 22ra jaitsiko omen du Ingeles Departamentuko talde kopurua, eta 6tik 3ra Euskara eta Alemanekoak; osotara, 10 talde gutxiago egonen dira, 3 irakasle gutxiago -haietako bat, Euskaran-. Bestalde, Iruñeko Hizkuntza Eskolan hauxe da aurreikuspena: Euskara Departamentuan 2 talde itxiko dituzte -aurretik beste bi jada itxi ziren-; Ingelesean 2, Alemanen 3 kenduko dituzte, eta 21 talde izatetik 18 talde izatera pasatuko dira. Frantses eta Italiera Departamentuei ez zaie talderik kenduko heldu den ikasturtean, baina kontuan hartu behar da aurreko urteetan hainbat talde itxi zizkietela Departamentu horiei.

Tuterako Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak berak adierazi du Hezkuntza Departamentuak Erriberan egin nahi duen murrizketa gauzatzeak galera nabarmena ekarriko liokeela eskualdeari. LAB sindikatuak azpimarratu nahi du murrizketa horrek herritarrak ez ezik, langileak ere kaltetuko lituzkeela, eta ohartarazi nahi du azken murrizketa hau gehituko zaiela dagoeneko irakaskuntzan gertatzen diren eskubide urraketei; esaterako, adinagatik dagokien ordu lektiboen murrizketa ukatu zaie hainbat irakasleri. Erasoa salatzeko, LABek elkarretaratzera deitu du gaur, ekainaren 28an,  Iruñeko Hizkuntza Eskolaren aurrean (Konpainia plazan), goizeko 11:00etan, eta bertako langile askok parte hartu dute.

Hizkuntza Eskola Ofizialen salaketa Gimenoren Departamentuak zenbait arlotan sortu duen hondamendiari eransten zaio: euskararen aurkako erasoak, PAI egonkortzea, Lanbide Heziketan ziklo elebidunen inposizioa, Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak greba mugagabera bultzatu dituen prekarietate egoera, COVIDagatik ezarritako jardunaldiaren eta eskolaz kanpoko jardueren inposaketa, esparru guztietan negoziaziorik eta komunikaziorik eza, ikastola eta itundutakoei behin eta berriro entzungor egitea, Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna ez betetzea… Horrengatik guztiarengatik, LABen jarraitzen dugu Gimenoren dimisioa eskatzen, ardurapean duen Departamentua behar bezala ez kudeatzeagatik.

Jatorrizko albistea: HEMEN.