Gimenok ez du neurria betetzen Lanbide Heziketan

555

“La FP da la talla – LH, zure neurrira” lelopean, apirilaren bukaeran, Nafarroako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan inskribatzeko 2022-2023 ikasturterako kanpaina berria aurkeztu zuen Gimeno kontseilariak. Aurkezpenean, bizkarrean zeukan pantaila erraldoi batean, Hezkuntza Departamentuak sare sozialen bidez arrandia handiz zabaldu zuen promozio-bideoa emititu zen. Bideoaren eduki sexista ikusita, LABek salatu egin zuen, desegokia zelako, SKOLAEri idazki baten bitartez. Hori dela eta, bideoa kanpainatik erretiratu zuten.

Kanpaina horretan 31 prestakuntza programa eta ziklo berri aurkeztu ziren eta harro azaldu ziren Nafarroa Estatuan dibertsifikazio handiena duen autonomia erkidegoa izateaz. Berrikuntzen artean, goi mailako hamabi talde berri aurkeztu ziren, talde arruntak izatetik talde elebidun izatera igarotzen zirenak, eta hori izan da, hain zuzen, gure sindikatuan ikasturte honetan jaso ditugun salaketa askoren funtsa.

Modulu elebidunetan, atzerriko hizkuntzako modulu bat dago, ingelesa normalean, ikasle guztiek egin beharrekoa. Bestalde, atzerriko hizkuntza batean B1 maila edo antzekoa dutela egiaztatzen duten ikasleek, lehen eta bigarren mailan, atzerriko hizkuntzan egingo dute lanbide modulu bat. Eta B1 maila egiaztatzen ez duten ikasleek, berriz, gaztelaniaz jasoko dituzte eskola horiek; hau da, gelak bi taldetan banatuko dituzte.

Duela hamar urte baino gehiago, UPN boterean zela, Lanbide Heziketako hainbat curriculum aldatu ziren, eta, goi mailako zikloei dagokienez, proposatu zuten Ingelesa modulua lehen eta bigarren mailan irakastea. Irakasle gehienak neurri horren aurka agertu ziren, hainbat arrazoirengatik. Lanbide familiako gainerako modulu tekniko espezifikoetarako eskola-orduak galtzeaz gain –ordu horiek, berez, oso justuak dira curriculum osoa behar bezala emateko–, irakasleek argudiatzen zuten ezen 18 urtetik gorako ikasleek jadanik egiaztatuta eduki behar zutela atzerriko hizkuntza bateko hizkuntza-gaitasuna, Lanbide Heziketan sartu aurreko ikasketetan lortuta (beste gaitasun batzuekin gertatzen den bezala: hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna, matematika-gaitasuna, zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasuna, gaitasun digitala…). Gaitasun horietako bakar bat ere ez bazen berriz lantzen Lanbide Heziketan (nahiz eta ikasleek gabeziak izan arlo horietako askotan), zergatik indartu beharra zegoen atzerriko hizkuntzako gaitasuna? Irakasle gehienen ustez, Lanbide Heziketan atzerriko hizkuntzako moduluak ematea inposatuz gero, zentzua izango luke, bakar-bakarrik, atzerriko hizkuntza teknikoko modulu bat emateko izango balitz, ikasten den lanbide familiari lotua, eta modulu hori goi mailako lehen mailan eman beharko litzateke; horrek bai aberastuko lituzkeela ikasleek aurreko hezkuntza-etapetan eskuratutako gaitasunak.

Alabaina, atzerriko hizkuntzako modulu berria ezartzen hastearekin batera, ikusi zen errealitatea bestelakoa zela, eta hala izaten jarraitzen du: lehenik eta behin, modulu horiek emateko kontratatutako irakasleek ez dute prestakuntza tekniko nahikorik bermatzeko ikasleek lortuko dutela atzerriko hizkuntzako hizkuntza-gaitasun teknikoa, eta, beraz, ikasleek ia inoiz ere ez dute hobetzen Lanbide Heziketan sartu aurretik atzerriko hizkuntzan eskuratu behar luketen hizkuntza-gaitasuna.

Berriz ere, Lanbide Heziketan ere, Gimenok agerian utzi du zein den bere modus operandi-a: inposatzea, inolako plangintzarik gabe, emaitza akademikoen justifikazioa izan gabe eta LHko ikastetxeetako goi mailako ikasle eta irakasleen gainetik igaroz, horiek izan arren LHren eragile nagusiak. Ziklo elebidunen plangintzarik ezaren ondorioz, adibidez, ziklo bera modu desberdinean eskaini daiteke ikastetxe batean edo bestean. Eta modulu bereko maila akademikoa desberdina da gaztelaniaz ematen den edo atzerriko hizkuntzan ematen den, nahiz eta berdinak izan beharko liratekeen. Atzerriko hizkuntzan B1 akreditazioa duten eta eskolak gure hizkuntza ofizialetako batean (gaztelaniaz edo euskaraz) jaso nahi dituzten ikasleek Departamentuaren presioa jasaten dute modulu teknikoa atzerriko hizkuntzan egiteko. Modulu horiek atzerriko hizkuntzan emateko irakasleen lanpostuak nola betetzen dituzten ere aztertu beharra dago; izan ere, C1 maila frogatzeaz gain, hizkuntza tekniko egokia ere erabili beharko dute eskoletan. Horren ondorioz, A eta B mailako hainbat irakasle tekniko, eskolak ematen urte asko daramatzatenak, azkenean lekualdatzera edo desagertzera kondenaturik gera daitezke. Eta hori guztia Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Europatik laguntza ekonomiko batzuk eskura ditzan atzerriko hizkuntza bat trakeski erakusteagatik.

Baina goi mailetan ziklo elebidunak ezartzea ez da LHko ikastetxeetatik iritsi zaigun kexa bakarra. Honatx beste batzuk: Iruñerriko ikastetxeetan ikasleen saturazioa dago; irakasleek eskola-karga handiagoak jasaten dituzte gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleei arreta emateagatik; LHko ikastetxeetako lan-kontratudun langileak COVIDaren aurka ez txertatzea, funtsezko langiletzat jotzen ez zirelako; lanbide-zentroetako prestakuntzari dagokionez ezohiko neurriak berandu hartu izana; ikasleek modulu batzuk suspendituta izan arren promozionatu ahal izatea edo modulu bat suspendituta titulua lortu ahal izatea… Erreklamazioak kontaezinak izan dira, eta Departamentuak ez du bakar bat ere konpondu. Neurri bakarra izan da Tuteran eta Iruñean bi ikastetxe berri sortuko dituztela iragartzea, inork ere ezagutzen ez duen kontua, hurrengo urteko hauteskunde kanpainaren abiapuntu gisa ere interpretatzen ahal dena.

Agerian gelditu denez, kontseilariak Lanbide Heziketaren esparruan egin duen kudeaketa oso eskasa izan da, agintaldiaren hasieran konpondu behar zituen fronte batzuk irekiak dituelako oraindik eta asmatu ez duelako aurkeztu zaizkion erronka berriak zuzen konpontzen. Gimenok ez du neurria betetzen, ezta Lanbide Heziketan ere, eta horregatik LABetik bere dimisioa eskatzen dugu.

Jatorrizko albistea: LAB infoadm