Ebaluazio diagnostikoaren aurrean, ebaluazio hezitzailea

432

EAEko ikastetxeetan 2020/2021 ikasturtean zehar Administrazioak burutu nahi duen ebaluazio diagnostikoaren aurrean, LAB sindikatuak egiten duen irakurketa aurkezten dizuegu:

  1. Ikastetxeetako lan karga areagotzea dakar; langileek duten lan zamari ebaluazio diagnostikoa gehitzea ez da bidezkoa.
  2. Alde bakarrez hartutako erabakia da: Hezkuntza Departamenduak “normaltasun” irudia saltzeko beharra.
  3. Egungo egoera eta baldintzetan ebaluazio diagnostikoa egiteak ez ditu berdintasun printzipioak bermatzen: hezkuntza sare guztiek (Publikoa, Ikastolak, Gizarte Ekimena…) baliabide eta baldintza ezberdinak dituzte. Gainera, frogen emaitzen zilegitasunari begira, ez dago bermerik ikasleren bat edota ikastaldeak konfinatuta daudenean. Ez dira eskaintzen zuzentzeko neurririk.
  4. Ebaluazio diagnostikoak ez die XXI. mendeko hezkuntzaren beharrei erantzuten: ez dira ebaluatzen hezkuntzako aldagai guztiak eta batez ere, ikasleen ezagutza mailaren parte bat soilik jartzen aztergai.
  5. LAB Irakaskuntzatik beharrezkoa ikusten dugu paradigma aldaketa: ebaluazio diagnostikoan hezkuntza prozesuak eta metodologiaz gain, hezkuntza sistema bera ere aztertzen duen prozesua izatea beharrezkotzat jotzen dugu. Era berean, ikasketa prozesuaren erdigunean ikasleak (norbanako bezala eta egun dituzten beharrak kontuan hartuz) kokatzen dituen ebaluazio hezitzailea da eskatzen duguna.

Ikastetxeetan ebaluazio diagnostikoaren inguruan hausnarketa egiteko gonbita luzatu nahi dizuegu hezkuntza komunitatea osatzen duzuen langileei eta familiei. Ikastetxe ezberdinen artean indarrak batzeko eta erantzun bateratua emateko beharra ikusiz gero, ahal den guztian laguntzeko prest izango gaituzue.

EbaluazioHezitzaileanoizko