EAEko zerbitzuetako langileak: Hezkuntza Sailak ekarri digun Lan Hitzarmenaren testuak ez du adostutakoa behar bezala jasotzen

171

Gaurko Mahai Negoziatzailera administrazioak sinatzeko ekarri duen Lan Hitzarmenaren testuak ez du adostutako eduki guztia behar bezala jasotzen. Hori dela eta, tamalez, gaurkoan ezin izan dugu hau sinatu, baina lanean jarraitzen dugu lehenbailehen testua sinatu eta hau EHAAn argitaratu dadin.

> Lan Hitzarmena

Gaur, hilak 19, EAEko Zerbitzuetako langileen urteko lehen Mahai Negoziatzailea izan dugu Lakuan. Gogoratuko duzuen bezala, ostegunean jaso genuen gaurko Mahai Negoziatzailean sinatzeko Lan Hitzarmenaren testu proposamena.

Besteen artean, azken hilabeteetan oztopo izan den sukaldeetako ratioak kalkulatzeko 7 orduko koefizientea jaso izana positiboki baloratu genuen baina, LABetik arretaz aztertu genuen testua eta ostegunean bertan alegazioak bidali genizkion Hezkuntza Sailari, martxoak 21ean sinatutako aurreakordioan (eta maiatzaren 22ko zuzenketetan) jasotako guztia ez zelako jasotzen, jatorrizko testuarekiko aldaketak zeudelako eta horrez gain, berme klausularen garapena ez zelako jasotzen bere osotasunean. Aurreko astean esan genuen LABen sinadura izango zuela guzti guztia behar bezala jasotzen bazen.

Ostiral eguerdian jaso genuen gaurko mahaira eraman duten testu definitiboa eta gure harridurarako, LABek egindako alegazioetatik bat bera ere ez zegoela txertatuta ikusi genuen. Esan bezala ez dugu atzera pausurik onartuko. Beraz, administrazioaren arduragabekeriagatik Mahaian ezin izan dugu Lan Hitzarmenaren akordioa sinatu. Gainontzeko sindikatuek ere antzeko irakurketa egin eta ez dute testua sinatu. Hala ere, lanean jarraitzen dugu lehenbailehen testua sinatu eta hura EHAAn argitaratu dadin.

> Ordezkoen Zerrenda Irekiera

Gaurko Mahai Negoziatzailera ordezkoen zerrenda irekiera ekarri dute. Izan ere, zerrenda hauek, Lan Hitzarmenean adostu bezala, irailaren 1etik aurrera irekita egon behar zuten eta LABetik Mahai Negoziatzaile guztietan eskatu badugu ere ez dira zabaldu. Ordezkapenak betetzeko egongo diren arazoak aurreikusiz, Hezkuntza Sailak zerrendak titulazio eta hizkuntza eskakizunik gabe irekitzeko proposamena egin digu ahoz. Beste behin ere proposamen osotu eta zehatza idatziz helarazteko eskatu diogu, berau aztertu eta alegazioak egin ahal izateko. Lehenebailehen helaraziko zaigula esan digute. LABetik gai honekiko ere, administrazioak izan duen moteltasuna salatu nahi dugu.

> Adinagatikako murrizketa

Adinagatiko murrizketa eskatu duten langileen onartu eta baztertuen zerrenda aste honetan argitaratuko dutela esan digu administrazioak. Honen berri izain bezain laster jakinaraziko dizuegu. Bestetik azken asteetan honen inguruan izan diren arazoak bideratuta daude, Lan Hitzarmenean jaso bezala aplikatuko da eta murrizketa eskatzeko aplikatiboa martxan dago Hezigunea-n. Hala eta guztiz ere, arazorik izanez gero jarri LAB Sindikatuarekin harremanetan.

LABek orain arte bezala, lanean jarraituko du Lan Hitzarmena lehenbailehen sinatu eta langileen lan baldintzak hobetzeko.

INFO-2026-01-19-ELEBI