Ordezkoen araudi berria EHAAn argitaratu da, 2012ko ordezkoen araudiak izandako aldaketa eta eguneraketak barnebiltzen dituena.
Araudiaren zirriborroa orain dela hilabete batzuk landu ondoren argitaratu du Sailak. LABek egindako hainbat ekarpen jasota daude, baina beste hainbat gaitan galderak sortu zaizkigu. Era berean, langileon artean ezinegona eta zalantza ugari sortu direnez, Hezkuntza Sailari argipenak eskatuko dizkiogu.
Araudia aztertu ondoren, hauek dira LABetik identifikatu ditugun aldaketa nabarmenenak:
> Ordezkapenen kudeaketa
- Ordezkapen bera 10 egunen buruan zuzenean ordezkatzea hautazkoa izango da.
- Lanaldi-aldaketetara egokitzeko aukera egongo da, hautazkoa izango da; izan titularra jardunaldi osoan egotetik lanaldi-murrizketarekin itzultzen delako lanera; izan murriztutik lanaldi osoko erregimenera igarotzen delako.
- Lanaldia osatzeko lehentasuna izango dute dagoeneko ikastetxean lanean ari diren pertsonek.
- Babestutako egoeran daudenek, lehentasuna izango dute lanaldia osatzeko eskubideari dagokionez.
> 55 urtetik gorakoentzako plan espezifikoa
- Ikasturte hasierako esleipenetan, lehenik lanaldi osoko plazak aukeratu beharko dira, eta halakorik lortzen ez bada, lanaldi murriztuko plaza bat esleituko da eta, beharrezkoa izanez gero, lanaldia %100era osatzeko neurriak hartuko dira.
> Merezimenduen baremoa
- Txandakatze handiko postuak: Karrantza Harana, Lanestosa, Artziniega eta Turtzioz herrietan eta Arabar Errioxan kokatutako zentroetan benetan irakasten emandako 2 hilabeteko, 2 puntu.
- Konplexutasun altuko edo oso altuko ikastetxeak: EAEko HKI (Hezkuntza Konplexutasun Indize) altuko edo oso altuko ikastetxeetan benetan irakasten emandako 2 hilabeteko, 2 puntu.
- Oinarrizko Lanbide Heziketa: lanera joandako 2 hilabeteko, 2 puntu.


