2025eko maiatzaren 9an sinatutako akordioak lorpen handiak jasotzen ditu, bai arlo laboralean, baita LABek borrokatutako baliabideen eremuan ere. Orain dela hilabete zabaldutako taulan ikus daitekeen bezala, neurri horietako asko martxan daude, lan baldintzetan hobekuntzak lortuz eta ikastalde gutxiagorekin baliabide gehiago izanik. Akordioaren irismena, ordea, ez da osotasunean gauzatu Hezkuntza Sailak ez dituelako adostutako neurri guztiak aplikatu.
LABek ikastetxeetako zuzendaritzengandik jaso duen informazioaren arabera, 2026-2027 ikasturterako LPZk (Lanpostu Zerrenda) osatzeko Hezkuntza Sailak behar baino kreditu gutxiago kargatu dizkie ikastetxeei. Ondorioz, ikastetxe askok 2025eko maiatzaren 9ko akordioak jasotzen dituena baino baliabide gutxiago jasoko dituzte, eta horrek, galera ekarriko du hezkuntza kalitatean.
Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan LPZk ontzat emateko epera iritsita, LABek Sailaren arduragabekeria eta aurreikuspen falta salatu nahi ditu. Izan ere, 2026-2027 ikasturterako aurreikuspena kezkagarria da; Sailak arlo desberdinetan 2025eko akordioa urratzen jarraituko du batetik, eta era murriztailean aplikatuko ditu beste zenbait atal.
> Ordu lektiboen jaitsieragatiko konpentsazioa
Greba eta mobilizazio dinamikaren ondorioz, 2025eko maiatzean sinatutako akordioak hobekuntza garrantzitsu bat ekarri zuen: ordu lektiboen jaitsiera. Hezkuntza Sailaren ez betetzearen ondorioz, ordea, neurri horrek ez du beharko lukeen inplaktua eragin ikastetxeetan.
Haur eta Lehen Hezkuntzan, datorren ikasturterako irakastorduak 23tik 21era jaitsiko badira ere, arazo nagusia da ordu jaitsiera horrek sortu beharreko ordu konpentsazioa era murriztailean aplikatu duela Sailak, bigarren urtez; are gehiago, ordu-kreditu hori kalkulatzeko formula aldebakarrez hartu Hezkuntza Sailak, eta modu murriztailean aplikatu du.
Ikastetxeek LPZko kredituen kalkulua egiteko Sailetik jaso duten dokumentuan honakoa jartzen du: “Ordu konpentsazioa asteko ordu lektiboak 21 izateko: 16 edo gehiagoko ikasle/talde ratioa duten ikasmaila kopurua bider 2 zati 21”. Formula murriztaile horren ondorioz, ikastetxeek 0,95 kreditu jaso ahal izango dituzte gehienez, kasurik onenean. Agerikoa da formula horrek ez duela akordioak jasotakoa betetzen.
Bigarren Hezkuntzan ere, gehienezko 17 irakastordu izateko neurriak hartu gabe jarraitzen du Sailak. Alde batetik, Hezi+ programaren bidez, ordu osagarri gisa inposatu ditu ordu lektiboak izango direnak; bestetik, gehienezko 18 ordu lektiboetatik 17ra jaisteko baliabide nahikorik ez die eman ikastetxeei.
> EHI/ALE (Entzume eta Hizkuntza Irakaleak)
2025eko maiatzean sinatutako Plantillak esleitzeko irizpideen akordioak aurrerapausu handia ekarri zuen EHIentzat; izan ere, lehenengoz irakasle horiek ikastetxeetan egonkorrak izatea lortu zen, orain arte Berritzeguneek emandako dotazioekin osatu behar direnak. Orain arteko arreta-zuzena emateaz gain, dotazio berri horren helburua prebentzioa, detekzio eta esku-hartze goiztiarra ematea izango da.
Ikastetxeek jaso dituzten baliabideak, ordea, ez datoz bat Plantillak esleitzeko irizpideen akordioan jasotakoarekin, eta aurreko arloan bezala, 2026-2027 ikasturtean behar baino baliabide gutxiago jasoko dituzte ikastetxeek.
> Lehen Hezkuntzako ratioak
Plantillak esleitzeko irizpideen akordioak honakoa dio Lehen Hezkuntzako ratioen inguruan: “22 Lehen Hezkuntzan. Ratio hori aplikatuko da 2026-2027 ikasturtetik aurrera”. Ratioen atalari dagokionez ere, Hezkuntza Sailak akordioa urratu eta 22ko ratioa Lehen Hezkuntzako 1. mailan bakarrik aplikatuko du, horrek dakarren baliabide galerarekin.
> Bestelakoak
Beste hainbat arlotan ere, baliabideak murriztera jo du Sailak, ikastetxearen arabera. Besteak beste, eraikin bat baino gehiago duten eta haien artean 500 metroko distantzia dagoen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe batzuei kreditu gehigarria ukatu die Hezkuntza Sailak; Bigarren Hezkuntzan, aldiz, IKT orduak Plantillak esleitzeko irizpideen akordioan jasotakoa bete gabe jarraitzen du Sailak, kredituak modu orokortuan kargatu beharrean pilotajearen bidez ikastetxe gutxi batzuei esleituz kredituak.
Egoera honen aurrean, LABek Hezkuntza Sailari arduraz joka dezala eskatzen dio, eta 2025eko maiatzaren 9ko akordioa betezeaz gain, ikastetxeei dagozkien baliabideak bidaltzeko exijitzen dio. Horretarako, ordea, akordioa osotasunean bete behar du, greba eta mobilizazioen bidez erdietsitako hobekuntza guztiak betez, baita LPZk akordioaren arabera kargatzea ere.
Azkenik, LABek gogora ekarri nahi du Sailak urratu dituen eta arestian aipatutako arloak judizializatzeko bideari ekin diola, eta datorren ikasturtean ere, akordioa guztiz betetzeko borrokan jarraituko duela LABen komunitatea osatzen duten afiliatu eta langileekin batera.
INFO-2026-06-19


