
Hezkuntza Sailak akordio laborala sinatu zuen LABekin 2023an eta ez da betetzen ari ikastoletarako atalean adostutakoa. Horren aurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek mobilizazioa egingo dute ostegunean, Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan.
Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak akordio laborala sinatu zuten 2023ko ekainaren 1ean. Akordio horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango zituzten neurriak adostu eta jaso zituzten.
Ikastoletako langileei zegokion atalean, bereziki, bi neurri jaso ziren:
1. Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen arteko soldata parekatzea. Neurri horrek ikastoletako langile guztiei eragingo ziela adostu zen, eta 2027ra arteko epean gauzatuko zela.
2. Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen lan baldintzen homologazioa
Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen arteko lan baldintzen homologazioa martxan jarri eta lortzeko, lehen neurri bezala, akordio laboralean bi urteko epea ezarri zen neurri hori gauzatu ahal izateko ikerketa egiteko.
Era berean, Hezkuntza Sailak eta LABek akordio laboralean bertan jaso zuten, adostu zituzten lan ildoak jorratzeko, hezkuntzako azpisektore bakoitzak zegokion lan hitzarmenean aztertuko eta negoziatuko zituela aplikatu beharrekoak. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu zuen akordio laboralean jaso eta zegokion lan hitzarmen bakoitzean negoziatutako neurriak egikaritzeko behar besteko finantzazioa eskaintzeko.
Akordio laborala sinatu ondoren, eta haren ondorioz, Hezkuntza Sailak hezkuntzako azpisektore bakoitzeko titularrarekin antzeko akordioak sinatu zituen, eta horrek guztiak eman zion gorputza eta eman zien hasiera akordio laboralean jasotakoa betetzen hasteko ekinbideei.
Ikastoletan, 2024ko urtarrilaren 16an aurreakordioa sinatu zuten Ikastolen Elkartea-Partaidek, EIBk (Eusko Ikastola Batza) eta LAB sindikatuak, zeinaren bidez 2027rako langile guztientzat gauzatu beharreko parekatzea arautu zen. Hala, eta parekatzea helburu, 2024rako %15,3ko soldata igoera adostu zen, langile guztiei aplikatu zitzaiena. Hurrengo urteetarako, 2025rako, 2026rako eta 2027rako soldata igoera tarte batzuk ezarri ziren. Aurtengo, ordea, adostutako igoera tartea ezarri zaie irakasle kategorietan dauden langileei, baina ez gainerako kategorietan dauden langileei.
Akordioan jaso zen bezala, Ikastolen Elkartea-Partaidek eta EIBk ekarri zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako lan hitzarmeneko negoziazio mahaira akordio laboralean jasotako neurriak, eta sintonia horretan sinatu zen 2024rako ikastoletarako lan hitzarmena. Hezkuntza Sailak, ordea, bere erantzukizuna saihestuz, ez du neurri horiek martxan jarri ahal izateko hitzeman zuen finantzazioa mahai gainean jarri.
Bestalde, eta bigarren neurriari dagokionean, akordioan ikerketa egiteko ezarri zen bi urteko epea amaitu bada ere, Hezkuntza Saila ez da hasi inongo azterketarik egiten, eta ez dago inongo zantzurik hasiko denik ere.
Beraz, ikusitakoak ikusita, LABek bere kezka eta haserrea erakutsi nahi du Hezkuntza Saila ez delako betetzen ari akordio laboralean ikastolen eremurako LABekin hitzartu zuena, eta akordio laborala blokeatuta dagoela ikastolei dagokienez. Era berean, adierazi nahi du Hezkuntza Sailak akordioa ez betetzeak ondorio kaltegarriak dituela ikastoletako langileengan, eta lehendik onak ez ziren lan baldintzetan eta eguneroko lanean. Ikastoletako langileak ezin dira denbora gehiagoz zain egon Hezkuntza Sailak bere hitza bete dezan. Horregatik, orain arte negoziatzen jarraitzearekin batera, beste ekinbide batzuetara pasako dela iragarri nahi du LABek.
Mobilizazioetarako prest
LABek beti erakutsi du negoziazioetarako eta akordioetara heltzeko borondatea, eta horren adibide dira akordio laborala bera eta Ikastolen Elkartea-Partaide eta EIBrekin sinaturiko ikastoletako azken lan-hitzarmena, 2024koa. Akordioek bete gabe jarraitzen badute, ordea, mobilizazioetara joko du LABek, Hezkuntza Sailari exijitzeko akordio laboralean sinatu zuena bete dezan: sare publikoko langileekiko soldata parekatzea ikastoletako langile guztientzat eta sare publikoko langileen lan-baldintzen homologazioa ikastoletako langile guztientzat gauzatu ahal izateko azterketari ekiteko, behingoz. Blokeoa gainditzeko tenorea da, eta Hezkuntza Sailak neurri horiek guztiak martxan jar daitezen hitzeman zuen finantzazioa jarri behar du mahai gainean.
Ez da onargarria bi urte pasatzen uztea ezer egin gabe; ez da onargarria sinatutakoari ez heltzeagatik, ikastoletako langile batzuen lan baldintzak ez hobetzea. Horri guztiari irtenbidea bilatu arte LABek egoera salatzen jarraituko du eta ikastolei dagokiena eskatzen jarraituko du; mobilizazioen bidetik, beharrezkoa bada.
Horrekin batera, ikastolak ere interpelatu nahi ditu LABek, sindikatuak egiten duen aldarrikapen bera egiteko Hezkuntza Sailari; hau da, Hezkuntza Sailari adostutako konpromisoak bete ditzan eskatzeko.
Horrenbestez, LABek ikastoletako langileei dei egin nahi die Hezkuntza Sailari akordio laboralean hartu zituen konpromisoak martxan jarri eta bete ditzan exijitzeko. Bide batez, Hezkuntza Sailak dagokiona bete ondoren, Ikastola Elkartea-Partaideri eta EIBri aurre-akordioan adostu zituzten konpromiso horiek betetzen jarraitzeko eskaria luzatu nahi dio. Eskua luzatuta dauka elkarrizketarako.
Era berean, Hezkuntza Sailari adierazi nahi dio ez dela gehiago zain egongo. Eta horren adibide, jakinarazi nahi du hurrengo ekainaren 5ean Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean mobilizatuko dela, Lakuan. LABek dei egiten die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei haien ahotsak altxatu eta langile guztientzat parekatzea eta lan baldintzen homologazioa aldarrikatu ditzaten.
ยท Argazki galeria: